Faktoria -

Elkarrizketa, Euskadi Irratian

Bildarratzek "bikain" bat eman dio hezkuntza-komunitateri, eta ikasturtearen balantze "oso ona" egin du

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketatua, Hezkuntza sailburuak berretsi du berak zuzentzen duen Sailaren asmoa dela "behin-behinekotasuna % 8ren bueltan kokatzea hezkuntza-komunitatean".

Jokin Bildarratz. Argazkia: Euskadi Irratia.
Jokin Bildarratz
Jokin Bildarratz. Argazkia: Euskadi Irratia.

play icon 22:58

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izandako elkarrizketa batean esan duenez,"bikain" bat eman nahi dio hezkuntza-komunitateari, ikasturtea amaituta, eta balantze "oso ona" egin du, batez ere pandemiaren hirugarren ikasturtea izan dela kontuan izanik, eta aztertuta "nola hasi ginen, eta nola amaitu garen". Halaber, Bildarratzek berretsi du berak zuzentzen duen Sailaren asmoa da "behin-behinekotasuna % 8ren bueltan kokatzea, hezkuntza-komunitatean", egonkortze-prozesua amaituta, eta aurreratu du irailean eramango dutela Legebiltzarrera proposamen bat 2022-2028, urteetarako ekintza-planaren gainean.

Bildarratzek irakasleei batez ere zuzendu die aipatutako "bikain" hori, "ikasturte osoa aurrera ateratzea lortu baitute". Testuinguru horretan, nabarmendu ditu irakasleen "inplikazioa", eta urtean zehar egindako "lan erraldoia".

Sailburuaren arabera, nekea "pilatzen joan da" ikasturtean, kontuan izanik pandemiak baldintzatutako hirugarren urtea izan dela; esan duenez, 2020ko martxoan "etxera joan ginen", pandemiaren hasierarekin batera, eta hurrengo ikasturtearen hasiera "gogorragoa" izan zen, egoera ezezaguna zelako, eta ziurgabetasuna nagusi zegoelako. Aurten, aldiz, irakasleak, langileak eta ikasleak egokituago zeuden, egoerara, "baina nekea pilatzen hasi da, eta emozionalki horrek eragin handia izan du".

Bildarratzek gogora ekarri du "nola geunden Gabonetan, 460 gela itxita zeudela", eta azpimarratu egin du oraingo egoera oso bestelakoa dela: "Hurrengo ikasturtea planifikatzeko moduan gaude", zehaztu du sailburuak.

Ikasturtearen balantzean, Bildarratzek gogorarazi du nola, azken hilabeteotan, Ukrainatik etorritako 750 bat adingabe unibertsitarioa ez den hezkuntzaren sarean hasi direla; aurreikuspena da 2022-23 ikasturtean egoerak aldaketarik gabe jarraitzea: "Goxo jasotzea" izango da jomuga.

Sailburuak, horrez gain, berretsi du helburua dela Hezkuntzan behin-behinekotasuna % 8ren bueltakoa izatea, 2024rako. Sindikatuen arabera, Jaurlaritzak irakurketa "hertsia" egin dute, egonkortze-prozesuari dagokionez; Bildarratzek, baina, adierazi du "gehiengora" jo dutela, plazak zehaztean. Guztira, 6.300 bat lanpostu egonkortuko dituzte; horietako 5.300 bat, ikasleenak izango dira.

Segregazioa

Segregazioaren gainean, bestalde, sailburuak esan du irailean egingo dutela proposamen bat Legebiltzarrean, eta 2023ko matrikulazio-garaian martxan izango dela jada plana: "Definitu eta adostu behar dugu zer den zaurgarria", azaldu du Bildarratzek, eta, adierazi duenez, segregazioari buruzko azterketa hori herri-mailakoa edo auzo-mailakoa izan ahalko da: "Orekatzea izango da helburua", zehaztu du.

Jokin Bildarratzek berretsi duenez, "akordio zabala" dago Hezkuntza Legearen gainean, eta nabarmendu du garrantzitsua dela Legebiltzarreko % 90aren babesa izatea; halaber, nabarmendu du gatazketatik at egon behar duela: "12 urteri begirako akordioa da", esan du. Azaldu duenez, akordioak etorkizunerako 43 puntu dituela, Hezkuntza Legearen oinarriak, "eta baliotsuena", azpimarratu du, "akordioa da".

Hezkuntzaren kalitatea bermatze aldera, halaber, "zuzendaritzen gehiengoa egonkorrak izatea" da, Bildarratzen esanetan. Ildo horretan, nabarmendu du egun % 60 inguru egoera horretan daudela: "Ikastetxeak ahaldundu behar dugu", esan du, eta aurreratu du Jaurlaritzak dekretua onartu egingo duela, testuinguru horretan.

Bildarratzek azaldu du itunpeko ikastetxeek zein kontzeptutan baliatu ahal dituzten familiek ordaindutako kuotak; esan duenez, ezingo dute erabili % 100a kobratu duten kontzeptuak finantzatzeko, baina bai, ordea, gutxiago kobratuz gero.

Azkenik, Bildarratzek ez du baztertu Jaurlaritzak helegitea jartzea berriki emandako epai baten harira; hain zuzen, 2012an, Jaurlaritzak erabaki zuen ez ordaintzea prima jakin bat erretiroa hartu zuten 2.600 bat irakasleri, eta horrek 200 milioiko baino gehiagoko ordainketa ekarriko luke orain. "Zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira", esan du sailburuak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak LOMLOE Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Albisteak Gaur Albisteak Irratia euskaraz Hezkuntzako albisteak 2024