Politika -

Memoria historikoa

Memoria Demokratikoaren Legeak aurrera egin du Konstituzio Batzordean, EAJren eta EH Bilduren babesarekin

Kongresuko Konstituzio Batzordeak lege proiektua onartu du, PSOEk eta Unidas Podemosek euskal alderdiekin akordioa lortu ostean. PPk, Ciudadanosek eta Voxek aurka bozkatu dute, eta ERC abstenitu egin da.

Patxi Lopez Konstituzio Batzordeko presidentea da. Argazkia: EFE
Patxi Lopez Konstituzio Batzordeko presidentea da.
Patxi Lopez Konstituzio Batzordeko presidentea da. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko Konstituzio Batzordeak Memoria Demokratikoaren Legearen proiektua onartu du, PSOE, Unidas Podemos, EAJ eta EH Bilduren aldeko 19 botoekin eta PP, Vox eta Ciudadanosen ezezkoarekin. ERCk abstentzioaren alde egin du azkenean, aurrerapausoak eman diren arren, legeak ez baitu nahikoa ikusten.

Proiektuak 2007ko Memoria Historikoaren Legean sakontzen du. Orain dela ia urtebete onartu zuen Ministroen Kontseiluak, baina Espainiako Gobernuak prozesua geldiarazi zuen ikusi zuelako Kongresuan babes nahikorik ez zuela izango, ERCk hasierako ezetza aurreratu baitzuen.

Ekainean, proiektua berriro martxan jarri zen, Gobernuak inbestidurako zenbait alderdirekin akordioa lortu ondoren. PSOEk eta Unidas Podemosek dituzten 17 botoez gain, EAJ eta EH Bildurenak izan dituzte, eta gehiengo osoa lortu dute Patxi Lopez buru duen batzordean.

Akordio gehienak koalizio soberanistarekin lortu zituzten. Legea aplikatzeko tartea 1983ra arte zabaltzea hitzartu zuten, hau da, Konstituzioa onartu eta bost urtera. Horri esker, Felipe Gonzalezen Gobernuaren lehen urtera arte torturak edo ETAren aurkako "gerra zikina" jasan zutenak giza eskubideen urraketen biktimatzat hartuko dira.

Horrez gain, Estatu mailako batzorde akademiko independente bat adostu zuten EH Bildurekin, "gerra zibilean eta diktaduran izandako giza eskubideen urraketak argitzen laguntzeko". Bere eginkizuna izango da lekukotzak, informazioa eta dokumentuak jasotzea eta biktimen erreparaziorako ondorioen eta gomendioen txostena onartzea, modu "objektibo eta inpartzialean".

Aurreko beste erabaki batean zuzenketa bat sartu zuten, 1936ko Estatu kolpetik sortutako auzitegi, epaimahai eta bestelako zigor organoak eta organo administratiboak legez kanpokoak zirela deklaratzeko.

Era berean, Cumbre jauregia Donostiako Udalari lagatzea, Ezkabako gotorlekua memoria gune bihurtzea adostu zuten.

EH Bilduren arabera, akordioarekin, errekonozimendurako bide berriak irekitzea, konponketan aurrera egitea eta legearen hutsune batzuk zuzentzea lortu du koalizioak. "Gure zuzenketek testua hobetu dute. Baina haren onespenarekin ez da amaituko biktima guztien egiaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko borroka", esan du Bel Pozueta diputatuak.

EAJrekin, Gobernuak beste itun bat sinatu zuen Gerra Zibilaren Artxibo Nagusian dauden pertsona natural edo juridiko pribatuei dokumentuak edo efektuak itzultzeko epea urtebetean finkatzeko. Erakunde publikoen esku dauden ikurrak edo banderak eskatzen dituzten alderdi, sindikatu edo unitate militarrek ere erabili ahalko dute.

Gainera, PSOEk eta Unidas Podemosek beste akordio bat egin zuten Mas Paisekin eta PDeCATekin erregimen frankista "legez kanpokotzat" jotzeko eta berariaz aitortzeko "frankismoaren aurkako mugimendu sozialen eta hainbat eragile politikoren borrokek" piztu zutela demokrazia.

PPk, Voxek, Ciudadanosek eta Carlos Garcia Adaner Navarra Sumako diputatuak (Talde Mistoaren izenean), kontrako botoa eman dute. Pedro Sanchezi aurpegiratu diote legea "ETAko hiltzaileen oinordekoekin" aurrera ateratzea.

Azkenik, ERCk eta Juntsek abstentzioaren alde egin dute, proposamenak ez direlako nahikoak. "Bere burua demokrazia osotzat duen herrialde batek frankismoko krimenak epaitu gabe jarraitzen du", esan du Carolina Telechea ERCko bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa