Politika -

Espainiako gobernua

Gobernuaren egonkortasuna bermatuta dagoela esan du Belarrak baina defentsa gastuan aldaketa eskatu dio PSOEri

Podemoseko buruzagi eta Eskubide Sozialen ministroak azpimarratu duenez, Espainiaren gastu militarra "markak hautsita" dago eta gizarte politikak lehenetsi behar dira. Erantzunean, Espainiako Gobernuko bozeramaileak jarrera aldatzeko eskatu dio, Ukrainan gerra dagoela gogorarazita.

Belarra, Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE
Belarra, Kongresuan.
Belarra, Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ione Belarra Podemoseko buruzagi eta Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen ministroak esan du koalizio gobernuaren egonkortasuna "bermatuta" dagoela, defentsa gastua tarteko bi bazkideen artean sortu den ika-mika gorabehera. Gaiaren inguruan PSOErekin "sakoneko eztabaida" egin beharra dagoela erantsi du, izan ere, horren esanetan, "gastu militarrera bideratzen den euro bakoitza osasunean edo hezkuntza publikoan gastatutako euro bat gutxiago da". 

TVEri egindako adierazpenetan, Belarrak azpimarratu du Unidas Podemosek legegintzaldia bukatzeko konpromisoa duela, baina erantsi du PSOE konbentzitzen saiatuko direla gizarte politiken mesedetan aritzeko beharraz. "Gastu militarra markak hautsita dago, eta aurrekontua ez da txikia", gaineratu du. 

Zehazki, azaldu duenez, defentsarako gastua Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 1,2 da, baina aurrekontu horrek ez du horretara bideratuta dagoen diru guztia hartzen, beste partida batzuen bidez osatzen delako: hala nola, atzo onartutako 1.000 milioi euroko kreditua. 

Yolanda Diazek atzo eskatutako koalizio itunaren jarraipen batzordearen premiazko bileraren harira, Belarrak adierazi du herritarrekin "berriro konektatzeko" beharra helaraziko diotela PSOEri, beharrizan sozialei lehentasuna emateko. 

Bien bitartean, Isabel Rodriguez Lurralde Politika ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak nabarmendu duenez, "ondo dago" bi bazkideek hitz egitea, baina krisiari aurre egiteko egindakoa eta hartutako neurriak hobeto azaldu beharko lirateke, hori baita "herritarrek entzun nahi dutena". 

RNE irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, Rodriguezek garrantzia kendu dio koalizio itunaren jarraipen batzordea biltzeko eskaerari eta argitu du oraindik ez diotela datarik jarri. Rodriguezen hitzetan, defentsari bideratu beharreko gastuaren auzian ministroen kontseilura eraman baino lehen "izapide guztiak" bete dituzte, eta, beraz, ez zegoen ezer ere negoziatzeko. 

Bozeramaileak gogorarazi duenez, gerra dago Ukrainan eta Espainiak, EB guztiak bezala, "erasotutako estatuaren alde" egotea ebatzi zuen NATO indartuta. "Orain horren ondorioak onartu behar ditugu", ohartarazi du. 

Hori horrela, jarrera aldatzeko gomendioa egin dio Unidas Podemosi, eta azpimarratu du bateragarria dela defentsa gastua igotzea eta ongizate estatuari eustea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika PSOE Espainiako Gobernua NATO Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra