Politika -

Hilketaren 25. urtemuga

ETAren biktimen mina "bere" egin zuela gogorarazi du Sortuk, tartean Miguel Angel Blancorena

Biktimen eta elkarbizitzaren arloan, Jaurlaritzari eta EAJri "euren interes politiko eta elektoralak alde batera uzteko" eskatu die Sortuko idazkari nagusiak.

Rodriguez, aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE
Rodriguez, aurreko agerraldi batean.
Rodriguez, aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, alderdi independentistak "bere" egin zuen ETAren biktimen mina iazko urrian, Aieteko adierazpenean, eta, horren harira, zehaztu du tartean dagoela Miguel Angel Blancorena ere. "Orduko hartan esan genuen horrek ez zuela sekula gertatu behar", gaineratu du. 

Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak egindako kritikari erantzun dio Rodriguezek. Jaurlaritzako eledunak asteartean adierazi zuenez, "pena" da Sortu igandean ETAk eraildako PPko zinegotziari egingo zaion omenaldian ez egotea, eta "gogoeta" egitea eskatu zion. 

Hori horrela, gogora ekarri duenez, ezker independentistak horren harira egindako irakurketa "ezaguna eta idatziz jarria" dago Aieteko adierazpenean. "Irakurketa horrek balio du Miguel Angel Blancoren kasuan ere", azpimarratu du. 

Hori argi utzita, Zupiriari berari, Iñigo Urkullu lehendakariari, eta "orokorrean EAJri, ETAren biktimen eta elkarbizitzaren arloan, euren interes politiko eta elektoralak alde batera uzteko" eskatu die, "kurioski, alderdi hori delako gai horrekin behin eta berriz exijentziak eta inteprelazioak egiten dizkiguna, inork baino intsistentzia gehiagorekin eta beligerantzia handiagoarekin, gainera". "Herri honen interesa lehenetsi beharko lukete", horren ustez. 

"Ezker independentista higatu nahian, gai hori, biktimak eta herri honek pairatu duen itzelezko sufrimendu hori helburu politiko eta elektoralekin erabiltzeari uzteko eskatu nahi diot EAJri", azpimarratu du. 

Horren ordez, "onuragarriagoa eta eraikitzaileagoa den zerbait" egin beharko luke; Sorturen ustez: "Bere buruarekin autoexijenteagoa izan beharko luke, eta herri honen elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko bidean zein ekarpen egin dezakeen pentsatu beharko luke". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Sortu Eusko Jaurlaritza ETA Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak