Politika -
Diputatuen Kongresua
Estatua plurinazionala dela aitortzeko eskatuko dute EAJk, EH Bilduk, ERCk eta BNGk Kongresuan
EH Bilduk, ERCk eta BNGk gatazka politikoak elkarrizketaren bidez eta herritarren borondatea errespetatuz konpontzea aldarrikatuko dute. EAJk, berriz, Konstituzioa erreformatzea eskatuko du, Estatuko nazio ezberdinak aitortzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAJk, EH Bilduk, ERCk eta BNGk hainbat proposamen aurkeztuko dituzte ostegun honetan Kongresuan eta, besteak beste, Estatua plurinazionala dela aldarrikatuko dute.
EH Bilduk, ERCk eta BNGk ekimen bateratua erregistratu dute Kongresuan, Espainiako Gobernuak onartu dezan "Estatu espainiarra plurinazionala" dela eta Euskal Herria, Katalunia eta Galizia nazio ezberdinak direla azpimarratuz.
Horrez gain, Estatuaren baitan dauden gatazka nazionalek "izaera politikoa" dutela aitortzea eta gatazka horiek "elkarrizketaren bidez eta herritarren borondatea errespetatuz" konpontzea eskatzen dute.
EAJk alde bakarrez aurkeztu du bere proposamena eta Espainiako Gobernuari galdegin dio Konstituzioan beharrezkoak diren aldaketak egin ditzala, Euskal Herria, Katalunia eta Galizia nazioak direla aitortzeko.
Horrez gain, Juntsek beste ekimen bat aurkeztu du Kongresuan, 2017ko urriaren 1ean Katalunian egindako erreferendumaren emaitza onartzeko eta Espainiako Gobernuak erabilitako errepresioa gaitzesteko eskatuz.
Bestalde, PDeCATek Kataluniako elkarrizketa-mahaia "berehala" martxan jartzeko eskatu du eta Estatuaren eta Generalitatearen arteko gatazka politikoa Katalunian erreferendum bat deitzea ahalbidetuko duen negoziazio baten bidez konpontzea aldarrikatuko du Kongresuan.