Politika -
EH BILDU
Gobernantza "kooperatiboa" eskatu du EH Bilduk, eredu "justu eta berdinzalea" garatzeko
Legealdiaren lehendabiziko bi urteen balantzea egin du gaur Iriartek, eta besteak beste, gehiengo osoaren "lubakian ezkutatuta, noraezean" ibiltzea egotzi dio EAJri. "Ziurgabetasun garaiotan", egiturazko aldaketak behar direla esan du, eta horretarako, "erreminta subiranoak" aldarrikatu ditu.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Asteon hil den Igor Lopez de Munain legebiltzarkide ohia gogoratuz eta haren "jakinduria eta eskuzabaltasun infinitua" nabarmenduz hasi du bere agerraldia, gaur, Maddalen Iriarte EH Bilduren eledunak Gasteizko Ganberan. "Euskal Herri osoak asko galdu du", esan du.
Hitzok esan ondoren, legealdiaren lehendabiziko bi urteen balantzea egin du, EAJren kudeaketa gogor kritikatuz. Iriarteren hitzetan, "aurrena, pandemiak, eta ondoren, Ukrainako gerrak" astindu duen legealdi honetan, EAJ "noraezean, bide-orririk gabe eta errealitateak gain hartuta" ibili da, "bere gehiengo osoaren lubakian ezkutatua eta oposizioaren proposamenei sistematikoki muzin eginez".
EH Bilduk uste du Eusko Jaurlaritzak ez duela izan "egoeraren larritasuna irakurtzeko" gaitasunik, eta hartu dituen erabakiak "epe motzera begirakoak" eta "eskasak" izan direla. Horregatik, ezkerreko koalizioak "aldaketa sakonak" nahi ditu, "egiturazko aldaketak" garatzeko. Hori izango da bere erronka, eta horretarako proposamenak jarriko ditu mahai gainean irailetik aurrera. "Eredu sozioekonomiko justu, jasangarri eta berdinzalea sustatuko dugu, Europan eredu izango dena. Hori da gure orubea eta aldaketa horretarako lidergoa hartzeko prest gaude. Mahai gainean jarriko ditugu Jaurlaritzak behin eta berriro arinkeria handiarekin baztertu nahi izan dituen eztabaidak: fiskalitatea, etxebizitzen prezioari muga jartzea, gutxieneko soldata propioa eta abar", zehaztu du.
Aldaketa gauzatzeko "tresna burujabeak" behar direla argi du Iriartek, eta zentzu horretan, estatus politiko berria "geroz eta beharrezkoagoa" dela adierazi du. Horretan ere, EAJri ausardia eta borandate falta egotzi dizkio koalizioak. Are gehiago, EH Bildurekin adostutako estatutu berriaren oinarriak garatzeko prest ez dauela esan du. Halaber, gaineratu du, "tamalez", argi geratu dela "tranferentzien inguruko ika-mikak artifizialak" direla eta "Espainiako Gobernua EAJ eta herri hau toreatzen" ari dela. "40 urte daramatzagu horrela, eta emaitza ondo ezagutzen dugu. Borroka dialektiko artifizial bat", gaineratu du.
Legealdia amaitzeko falta diren datozen bi urteotan, "atzean inor" utziko ez duen "ongizate itun bat" bilatuko du EH Bilduk, "instituzioak, herritarrak eta eragile sozialak" lerrokatuko dituena.