Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Sergio Gomez de Segura (ErNE), Gasteizen eta Mutrikun gertatutakoaz: "Gorroto-delitua izan da, jakina"

Radio Euskadin elkarrizketatu dute sindikatuko idazkari nagusia. Gomez de Segurak lanean ez zebilen ertzain batek Gasteizen jasotako irainak eta ukabilkada salatu ditu, baita Mutrikun beste ertzain batek ezin izan duela parte hartu herriko jaietako ekitaldi batzuetan ere.

Sergio Gomez de Segura ErNEko idazkari nagusia, artxiboko argazkian.
Sergio Gomez de Segura ErNEko idazkari nagusia, artxiboko argazkian
Sergio Gomez de Segura ErNEko idazkari nagusia, artxiboko argazkian.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ErNE sindikatuko idazkari nagusi Sergio Gomez de Seguraren esanetan, Gasteizeko Aiztogile kalean igande honetan gertaturikoa, alegia, lanean ez zebilen ertzain batek irainak eta ukabilkada bat jasotzeak (hiru gazte atxilotu zituzten, eta karguekin aske daude) "gorroto-delituaren ondorioa da, zalantzarik gabe". Astearte honetan, elkarrizketa egin diote Gomez de Segurari Radio Euskadiko "Boulevard" saioan; idazkari nagusiak arabar hiriburuan gertaturikoa salatu du, bai eta Mutrikuko kasua ere (gipuzkoar herrian, aurreko astean, beste ertzain batek ez zuen herriko festetako ekitaldi batzuetan parte hartzerik izan), eta alderdi politikoei mezu hau eman die: "Legeak aldatu behar dituzte pertsona guztiak babesteko; guztiok dugu eskubidea aisialdiaz gozatzeko", nabarmendu du.

"Ez dugu daturik esateko antolatutako kanpaina denik", adierazi du Gomez de Segurak. ErNEko idazkari nagusiaren ustez, Gasteizen eta Mutrikun izandako kasuak, bai eta Getxon agertutako kartel batzuk ere, "gure lanbidearen eta lankideen aurkako intolerantziako testuinguru batean" jazo dira. Haren iritziz, "giro abertzaletako pertsona batzuek garrantzia eskuratu nahi izan dute"; izan ere, esan duenez, "ezker abertzalearen polizia-eredua beti izan da poliziarik ez egotea". Nabarmendu ere nabarmendu du Ertzaintzak "kalean pertsona guztiak defendatzen" jarraituko duela.

"Oso larria irudituko litzaiguke dei-efektua izatea", esan du, eta gogora ekarri du ErNE sindikatuak 38 urteko historia duela: "Eskubideak bermatzen ditugu, era gure lankide guztientzako aholkularitza juridikoa dugu", zehaztu du.

"Ez da muntaia"

Gasteizen erasoa jasan duen ertzaina "ondo dago", elkarrizketatuaren esanetan, baina "kezkatuta eta suminduta": "Ez dago onartzerik aisialdian zerbait hartzeko askatasunak oztoporik izatea". Hiru gazte atxilotu dituzte, eta, gero, karguekin aske utzi, eta, atxiloketen harira, astearte arratsalderako elkarretaratzea deitu dute, "muntaia" salatzea helburu; Gomez de Seguraren esanetan, "ez dago muntaiarik, inola ere ez. Zer irabazten du horrekin lankide batek?".

"Fiskaltzari eta epaileei eskatzen diegu behar bezala jokatzeko", nabarmendu du; izan ere, batzuek uste omen dute gertatutakoa Ertzaintzaren laneko zati bat besterik ez dela: "Aisialdian, beste edozein herritar bezalakoak gara. Hau ezin da doakoa izan", esan du, atxilotutako hiru gazteen inguruan.

Gomez de Segurak esan duenez, eraso hauetako beste helburuetako bat da gazteak ez aurkeztea Ertzaintzaren promozio berrietara: "Guk profesionalak izaten jarraituko dugu, eta zerbitzua ematen", gogoratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Ertzaintza Eguneko albisteak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Mutriku azken ordukoa