Politika -
Polemika
Titin, Otegiri buruz: 'Ez da nire laguna, eta ez nion bisita egin'
"Urtero joaten gara presoekin elkartzera, eta, ondoren argazkiak egiten ditugu. Iaz Logroñoko kartzelara joan eta Otegi zegoen bertan, kasualitatea izan zen", esan du Titinek.
Erredakzioa
Augusto Ibañez Sacristan, Titin III, pilotaria eta Logroñoko Udaleko PPko zinegotziak argi utzi nahi izan du Arnaldo Otegi ez dela bere "laguna" eta ez zela kartzelara joan hura bisitatzera. Titin Arnaldo Otegirekin batera ateratzen zen kartzelan egindako argazki batean.
"Argazkiak bere testuingurua dauka, ez dago hainbeste buelta eman beharrik. Ni ez naiz Otegiren laguna, eta ez nintzen kartzelara hura bisitatzera joan, eta ez dut horrelakorik egiteko asmorik", esan du pelotariak Cope irratian egindako elkarrizketan.
Titin III.aren arabera, Otegirekin egindako argazkia, "beste argazki asko egin ondoren" atera zuten. "Bere txanda etorri zen, beste preso batzuekin batera, eta atzo argitaratu zuten Otegi bisitatzera joan nintzela eta berarekin egon nintzela esateko, bere laguna banintz bezala. Hori gezur galanta da", salatu du.
Espetxeetako Zuzendaritzak prentsa oharra atera zuen atzo Augusto Ibañezek Logroñoko kartzelara egindako bisita arrazoi humanitarioengatik izan zela argitzeko, eta ez Otegirekin elkarrizketatzeko.
Esku-pilota zabaltzeko"Urte eta egun asko eman ditut leku askotara joaten pilotaren berri emateko, guk hain maite dugun kirolaren berri emateko, hain zuen. Profesionalen artean, 19 urte egin ditut, eta ia urtero zenbait pilotari presoekin elkartzera joaten gara, pilotak sinatu eta partidaren bat jokatzera. Ondoren, argazkiak egiten ditugu. Iaz Logroñoko kartzelara joan eta Otegi zegoen bertan, kasualitatea izan zen", esan du Titinek.