Politika -

Hauteskundeak

Urkulluk 'itun ekonomiko globala' aldarrikatu du krisitik ateratzeko

Bestalde, "ETAk erbesteratutakoek" EAEn bozka dezaten egindako proposamena "trikimailua" dela esan du EAJren presidente eta lehendakarigaiak.

Iñigo Urkullu EAJren presidentea. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu EAJren presidentea.
Iñigo Urkullu EAJren presidentea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJren presidenteak "itun ekonomiko globala" eskatu die "alderdi politikoei" krisi ekonomikoari aurre egiteko, "atzoko goi-bileraren porrotaren" ondoren "kohesio handiagoa" behar delako.

Urkulluk prentsaurrekoa eman du Bilbon eta EAJ trantsizio garaiko Moncloako Ituna bezalakoak berriro egitearen alde dagoela esan du, izan ere, "Europak irizpide eta proposamen batasuna eskatzen du" krisi egoera honetan.

Egoerari aurre egiteko "diagnosietan adostasun minimo bat" egon behar duela uste du Urkulluk, eta saihestu egin behar dela PP eta PSOE ustez egiten ari den "erabilera alderdikoia".

Urkulluk EAJk lehendakarigai izendatu eta egin duen lehenengo agerraldian salatu duenez, PP eta PSOE "itxi" egin dira eta ez dute EAJrekin hitz egin nahi, eta hori "ulertezina" dela esan du.

Gainera, hiru proposamen zehatz egin ditu: Europa mailako Ekonomia Ministerio bat sortzea, eurobonoak jaulkitzea eta Europako Banku Zentralak beste paper bat jokatzea.

PPren 'hauteskunde-iruzurra'

Bestalde, EAJren presidenteak salatu du PPk "hauteskunde-iruzurra" egin nahi duela "terrorismoaren biktimak erabiliz".

Buruzagi jeltzaleak adierazpen horiexek egin ditu Barne Ministerioak "ETAk erbesteratutakoek" EAEn bozka dezaten egindako proposamenaren inguruan. Urkullurentzat Eusko Legebiltzarraren argazkia "berriro desitxuratzeko trikimailua" da hori.

Basagoitiren erantzuna

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidentearen iritziz, EAJ eta Batasuna dira "euskal erroldaren garbiketaren onuradun", horregatik daude Hauteskunde Legea aldatzearen kontra.

Hala erantzun dio Basagoitik Urkulluri, EAJko EBBren buruak PPk Hauteskunde Legea aldatzeko proposamenarekin "hauteskunde-iruzurra" egin nahi duela esan eta gero.

EAEko popularren presidentearen aburuz, Urkullu eta Batasuna gai horretan bat datoz "azken 30 urteetan ETAren jazarpena dela eta hautesleen-erroldak jasandako aldaketarekin oso eroso" egon direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea