Politika -

elkarrizketa Radio Euskadin

Iturgaiz: "PP ez da EAJri keinurik egiten ari"

Feijook irailean Ortuzarrekin izango duen bilera elkar ezagutzeko bilera dela azaldu du Euskadiko PPko presidenteak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

Carlos Iturgaiz, EAEko PPko presidentea, Radio Euskadin
Carlos Iturgaiz, EAEko PPko presidentea, Radio Euskadin
Carlos Iturgaiz, EAEko PPko presidentea, Radio Euskadin

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak adierazi duenez, "PP ez da EAJri keinurik egiten ari" eta Feijook irailean Ortuzarrekin izango duen bilera elkar ezagutzeko bilera dela esan du.

Gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan Euskadiko popularren presidenteak gogorarazi du elkarrekin gobernatu izan dutela, baita elkar ulertu ere, baina aitortu du ez dutela ahaztu Rajoyri zentsura-mozioaren bozketan bizkarretik emandako zaztakada.

Alderdi Popularreko presidenteak Euskadi bisitatzeko datarik ba ote duen galdetuta, behin baino gehiagotan egon dela hemen nabarmendu du: "Beti da ongi etorria eta gustura egoten da hemen", azaldu du.

Hala, "bere bisita beharrezkoa" dela iritzi dio Iturgaizek, herritarren benetako arazoak entzun ditzan, eta herritarrek ikus dezaten benetako alternatiba bat badagoela hondoratuta dagoen Sanchezen Gobernuaren aurrean".

EAEko PPko presidenteren arabera, EAJ euskal familiak hondoratzen ari den gobernu bat babesten ari da", eta une oro ari dela Bilduk zer egiten duen begiratzen.

Mikel semeak duela gutxi Erromon jasandako mehatxu eta irainen harira ondo dagoela esan du. Dena dela azpimarratu du "Mikelek normaltasunez bizi nahi duela", "tolerantzia dagoen herri batean".

Zentzu horretan, "Mikel Iturgaiz" asko daudela iritzio dio, "hala nola ertzainak, konstituzioaren aldeko pertsonak... horrelako erasoak pairatzen dituztenak", esan du. "ETAk jada ez du hiltzen, ez, baina oraindik ETAk zeraman suprematismo horretan jarraitzen duten pertsonak daude, baita taldeak eta alderdi politikoak ere", zehaztu du.

Iturgaitzek "arinkeriatzat" jo ditu energia aurrezteko dekretuaren neurriak: "Guk bi proiektu aurkeztu ditugu; bata energetikoa eta bestea ekonomikoa, eta Sanchezek zaborrontzira bota ditu biak ala biak", kritikatu du eta, gogorarazi duenez, "euskal familia asko oso gaizki pasatzen ari dira": "Ez gara oasi batean bizi" eta "arazo handiak daude", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Carlos Iturgaiz