Politika -
Nazioarteko Harreman Taldea
Currinen taldea Euskal Herrian dago bake prozesuaren egoera aztertzeko
PPk dagoeneko jakinarazi du ez duela Bake eta Elkarbizitza Lantaldean parte hartuko Nazioarteko Harremanetarako Taldeko kideak parte hartzen duen egunean, asteartean.
Erredakzioa
Brian Currin abokatu hegoafrikarra buru duen Nazioarteko Harreman Taldea Euskal Herrian izango da gaur eta bihar bake prozesua egonkortzeko "estrategia partekatua" lortzeko dauden "zailtasunak eta aukerak" ezagutzeko. Gainera, Espainiako Gobernuak presoak gizarteratzeko aurkeztu duen egitasmoari buruzko informazioa ere jasoko du, besteak beste.
Taldeak agiri batean azaldu duenez, "gatazka konpontzeko" prozesuaren egoera aurrez aurre jakin nahi dute.
Agente politiko eta sozial garrantzitsuekin bilduko dira ETAren indarkeriaren amaieraren inguruko informazioa jasotzeko eta "gatazkaren ondorioak jorratzeko" elkarrizketa bat abiatzeko dauden jarrerak ezagutzeko.
Beste gai garrantzitsu batzuk ere izango dituzte eskuartean, presoen gizarteratzeaz gain, Auzitegi Konstituzionalak Sorturi buruz hartuko duen erabakia eta elkarbizitza eta memoria sustatzeko ekimenak, besteak beste.
Agerraldia Legebiltzarrean
Era berean, Alberto Spectorowski taldeko kideak agerraldia egingo du asteartean Bakerako Lantaldean, Eusko Legebiltzarrean.
Spectorowski Shlomo Ben-Ami Israelgo Atzerri Gaietarako ministro ohiaren aholkularia izan zen Palestinako bake negoziaketetan, 2000. urtean, eta lantaldean izango den bigarren agerraldia egingo du, Jonan Fernandez Baketiken zuzendariaren atzetik.
PPk ez du Lantaldean parte hartuko agerraldiaren egunean
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak esan du bere alderdia ez dela Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldearen astearteko bilerara joango Nazioarteko Harremanetarako Taldeko kide batek parte hartuko duelako.
Basagoitik Legebiltzarrean azaldu duenez, PP "ez da lantaldera joango gizon horrekin". "ETAk armak uztea baino egiaztatze hoberik ez dago. Zer egiten dute tipo horrek, Currinek eta gainerakoek, poltsikoak betetzeaz gain?", galdetu du Basagoitik.
Hori dela eta, "irtenbidea" ez dagoela "egiaztatzaileengan" azpimarratu du.