Politika -
AURREZ AURREKOA
Energia aurrezteko neurriek markatuta egingo da gaur Senatuan Sanchezen eta Feijooren arteko aurrez aurrekoa
EAJk uste du epe luzerako neurriak hartu behar direla eta neurriok diseinatzeko plan bateratu bat izan. Jaurlaritzak egindako proposamena kontuan hartzeko deia egingo dio Espainiako Gobernuari. EH Bilduk, berriz, ausardia gehiago eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta neurri estrukturalak.
EITB MEDIA
Inflazioak eta energia iturrien kezkak markatuta, gaur, Senatuan, ikusmin berezia sortu duen aurrez aurrekoa izango da, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruaren aurrez aurrekoa, hain justu. Gainerako alderdiek ere parte hartuko dute, baina bigarren maila batean.
Espainiako gobernu presidenteak agerraldia egingo du energia aurrezteko neurrien inguruko azalpenak emateko, eta, Feijok, Sanchezi erantzutea eta estu hartzea du helburu. Gaurko lehian, beraz, eztabaidaren mamia baino, irabazle nor irtengo den neurtuko da.
Inkesten bultzada baliatuta, Alderdi Popularrak Sanchezen agerraldia eskatu zuen Senatuan, Feijook ez baitu kongresuan eserlekurik. Gobernuak gonbidapena onartu du baina zehaztuta, gaur, ardatza energia aurrezteko neurriak izango direla.
Negoziaketak abiatzeko aukera izan daitekela esan du Feijook, baina denbora muga kritikatu du; izan ere, berak tarte txikia izango du eta, Sanchezek, berriz, ez du mugarik izango.
Asteburuan energia eta ekonomia adituekin prestatu du Feijook eztabaida; mahaigainean jarriko du PPren proposamen sorta; hasteko, gasaren eta argindarraren BEZaren murrizketa negu osoan, martxora arte, luzatzea.
Pedro Sanchezek, berriz, inkestei buelta emateko baliatu nahi du eztabaida. Urte politikoa herritarrak Moncloara gonbidatuta abiatu du eta azaldu du Gobernuaren lehentasuna jendearen kezkak entzutea dela, bere hitzetan, "beldurra zabaltzea helburu duen oposizioaren aurrean".
EAJk eta EHBilduk irismen luzeagoko neurriak eta neurri estrukturalak ekatuko dituzte
EAJren iturriek azpimarratu dute ez dutela ikusten Moncloak egoeraren azterketa zabala egin duenik, eta gaitzesten dute ez dagoela planik energiaren prezioaren gorakadak gehien kaltetu dituen sektoreak babesteko, tartean, industria sektorea.
Ahala helaraziko dio Estefania Beltran de Herediak alderdiak Senatuan duen bozeramaileak arratsaldean Espainiko presidenteari, eta azken egunetako eskaria mahai gainean jarriko du; hau da, neurriak diseinatzeko Gobernuak kontuan izan behar dituela Jaurlaritzak egindako proposamenak. Epe luzerako neurriak eskatuko dituzte.
EH Bilduk uste du hainbat arlotan Gobernuak bide egokia hartu duela, baina ausardia gehiago eskatzen diote.
Gorka Elejabarrieta bozeramaileak kritikatu du batzuk bi alderdien arteko kontu gisa saltzen ari direla eztabaida hau, Sanchez eta Feijori erreferentzia eginez, baina EH Bilduk gai honetan zeresan handia duela uste du: "Orain arte EHBilduk trantsizio ekologiaren norabidean joan diren neurriak babestu ditu, baina betiere espiritu kritiko batetik; izan ere, uste dugu partxeetatik haratago, neurri estrukturalagoak behar ditugula", azaldu du.