Politika -

Elkarrizketa ETB-n

'Ez dago arrazoirik presoak sakabanatzeko'

Xabier Etxebarria ETAko presoen eta biktimen arteko bileren koordinatzaileak azaldu duenez, sakabanaketarekin presoak gizarteratzea lortuko zela esaten zuten lehen, baina "ez da hala gertatu".

Xabier Etxebarria. Argazkia: EITB
Xabier Etxebarria.
Xabier Etxebarria: 'Presoen sakabanatzeak ez du justifikaziorik'

01:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Etxebarria 'Langraitz bidea' hartu duten ETAko presoen eta ETAko biktimen aurrez aurreko bileren bitartekari eta koordinatzailea presoen sakabanaketaren kontra agertu da, ez duelako legea betetzen eta ez dagoelako justifikatuta, izan ere, sakabanaketa hasi zenean horrek "presoen gizarteratzea" ekarriko zuela esaten zuten, "baina ez da hala gertatu".

ETB-2ko 'Egunon Euskadi' saioan egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, presoak kartzela beretan bilduz gero, kartzelak "eztabaidara irekiko lirateke".

Gainera, Etxebarriak uste du egungo egoeran EPPK (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) "kontrolatuago" dituela presoak.

'Langraitz bidea'

Etxebarriak adierazi duenez, preso batzuek ez dute 'Langraitz bidea' hartu oraindik "zerbait espero dutelako, irtenbide kolektiboak edo beste zerbait".

Koordinatzailearen arabera, jarrera horrekin "ez dute ardura bere gain hartzen". Hori horrela, 'Langraitz bidea'rekin bat egin dutenen "ausardia" goraipatu du.

Elkarrizketa eta eztabaida

Etxebarriak jakitera eman duenez, orain arte 11-12 bilera egin dituzte aurrez aurre presoek eta biktimek. Baina puntu horretara iristeko, Etxebarriarentzat "garrantzitsua" da presoek "iraganaren berrikuspen kritikoa" egitea. Horretarako, "kartzelatik kanpoko pertsonen laguntzarekin, presoekin elkarrizketa sustatzen da".

Prozesu horren ostean, "ekimena presoek hartzen dute, eta hala izan behar du, zeren biktima batek eta indarkeria erabili izan duen pertsona batek aurrez aurre hitz egiteko, ibilbide bat egin behar da".

Presoak eta biktimak

Gainera, Etxebarriak azpimarratu du biktimarentzat ere garrantzitsua dela presoek ibilbide hori egitea, izan ere, "ez litzateke ona izango biktima bat amaiera ezezaguna duen prozesu batean murgiltzea, eragin dezakeen etsipenagatik eta minagatik".

Biktimek, ordea, bilera gutxiago behar omen dituzte prozesuan sartzeko, "finean, haiek dira biktimak eta haien jarrera morala indartsuagoa da".

Gainera, bitartekariak argi adierazi du aurrez aurreko bileretan parte hartu duten presoen eta biktimen artean, "inor ez" dela damutu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea