Politika -
Nazioarteko Harreman Taldea
Currinen taldeak dio prozesua atzera egin litekeela hauteskundeengatik
Bestalde, Nazioarteko Harremanetarako Taldearentzat "aurrerapausoa" izan da Espainiako Gobernuaren presoak gizarteratzeko egitasmoa.
Erredakzioa
Brian Currin abokatu hegoafrikarra buru duen Harremanetarako Nazioarteko Taldeak uste du alderdi politikoen elkarrizketa prozesua atzeratu egingo dela EAE "hauteskunde aurreko kanpainan murgilduta" dagoelako. Aurreratzen ez badira, EAEko hauteskundeak otsailean izango dira.
Bestalde, "indarkeriaren ondorioei" buruz hitz egiteko ETArekin "harremanetan" jartzeko eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei.
Taldea Euskal Herrian izan da egunotan eta alderdi politikoetako ordezkariekin bildu da. Bilerak egin ondoren, Aieteko adierazpena izan zenetik eman diren pausoak aztertu dituzte eta ondorioen berri eman dute agiri batean.
Currinen taldeak uste du baieztatuta dagoela ETAk armak utzi dituela. Hori dela eta, "gatazkaren ondorioak" jorratzeko ETArekin harremanetan jartzeko eskea berretsi die gobernuei.
"Aprobetxatu beharra dagoen aukera garrantzitsua dago armak Euskal Herriko elkarbizitzatik kanpo uzteko", azpimarratu du nazioarteko taldeak.
Beste alde batetik, Currinen taldearentzat "aurrerapausoa" izan da Espainiako Gobernuaren presoak gizarteratzeko egitasmoa, baina gogorarazi du presoek zigorra etxetik gertu betetza gizarteratzearen "funtsa" dela, eta hala onartzen dutela Europar Batasuneko gainerako estatuetan.