Politika -
Elkarbizitzarako lantaldea
Spektorowskik ez du ulertzen ezker abertzaleak lantaldeari uko egitea
Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak aitortu du gehiago ulertzen duela PPk bere saioan egon nahi ez izatea ezker abertzaleak lantaldean gonbidatu gisa egoteari uko egin izana baino.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak Eusko Legebiltzarreko Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldean egoteari uko egin izana ez duela ulertzen aitortu du Alberto Spektorowski Brian Currinen Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak.
Beste taldeen baldintza berberetan egongo ez zela iritzita, lantalde horretan gonbidatu gisa parte hartzeari uko egin zion ezker abertzaleak, eta erabaki hori ez duela ulertzen azaldu du astearte honetan Currinen taldeko kideak. Spektorowskik esan du gehiago ulertzen duela PPk gaurko saioan egon nahi ez izatea ezker abertzaleak lantaldean gonbidatu gisa egoteari uko egin izana baino.
Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak agerraldia egin du astearte honetan Legebiltzarreko lantaldean, ETAk jarduera armatua amaitu zuenetik Euskadin dagoen egoeraren inguruan bere iritzia plazaratzeko.
Agerraldiaren ondoren, Currinen taldeko kideak ez du Legebiltzarreko bere hitzaldiaren berri eman nahi izan, baina saioa ''oso interesgarria'' izan dela esan du. Mota honetako agerraldi gehiago egotea espero duela gaineratu du Spektorowskik.ETAko ustezko bi kideen azken atxiloketen inguruan baloraziorik ez du egin, baina Euskadiko etorkizunarekin ''baikor'' azaldu da Spektorowski.
Egiaztatzaileen inguruan astearte honetan Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak egindako adierazpenak ere ez ditu baloratu nahi izan, baina bai hitz egin du ezker abertzaleak Legebiltzarreko lantaldean egoteari uko egin izanaz eta Basagoitik bere agerraldia dela-eta egindako adierazpenen inguruan.Spektorowskik esan du Basagoitiren hitzak ez dituela gustuko izan, baina ''errespetu handia'' diola PPri. ''Popularrak'' eta ezker abertzalea bera ere lantaldean egotea nahiko lukeela esan du Currinen taldeko kideak, eta, PPk dituen ''beldurrak'' ulertzen dituela argitu ondoren, Spektorowskik aitortu du gehiago ulertzen duela alderdi popularrak gaurko saioan egon nahi ez izatea ezker abertzaleak lantaldean gonbidatu gisa egoteari uko egin izana baino.