Politika -
EH Bildu
Iriarte, udal eta foru hauteskundeei begira: "Militante politikoa naiz eta koalizioaren zerbitzura nago"
Gainera, bozeramale lanak egiten jarraituko duela adierazi du "Faktoria"n EH Bilduko Maddalen Iriartek. Bestalde, burujabetza lortzeko adostutako akordio eta printzipioak "bazter utzi direla" esan du.
N. B. | EITB Media
Udal eta foru hauteskundeei begira, EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko aukeraz galdetuta, bozeramale lanak egiten jarraituko duela esan du Euskadi Irratiko "Faktoria"n Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. "Militante politikoa naiz, eta EH Bilduren zerbitzura egongo naiz", gaineratu du.
Gainera, EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak deitoratu egin du Urkulluk "gutxietsi" izana autogobernuari buruzko oinarrien eta printzipioen akordioa, EAJk, EH Bilduk berak eta, zati batean, Elkarrekin Podemos-IUk lortutakoa.
Iriarteren ustez, akordio hori "herri akordioa zen", aipatutako hiru indar politikoen babesa baitzuen, eta "Euskal Herria nazio bat dela esateko bidea ematen zuen", baina "oinarri eta printzipio horiek baztertu egin dira".
"Lehendakariak 2015ean esan zuen kontsulta bat egingo zuela. Gero, politika orokorreko edo inbestidurako osoko bilkura bakoitzean beste proposamen batzuk ekarri ditu, hala nola foru-nazioa edo foru-subiranotasuna, eta atzo autogobernua ekarri zigun. Beraz, zirkulua itxi du, eta batez ere herrialdeko akordioa", kritikatu du.