Politika -
Memoria historikoa
Luis Iriondo, Gernikako bonbardaketa faxista sufritu eta bizirik zegoen bakanetakoa, hil da
Gernikako Udalak omenaldia egin zion irailaren 3an, bizkaitarrak 100 urte bete baitzituen. 1937ko apirilaren 26an babesleku batean egon eta onik atera zen.
EITB Media
Gernikako bonbardaketa faxistatik bizirik atera zen Luis Iriondo zendu da gaur, 100 urte bete eta hiru aste geroago, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Gernikako Udalak omenaldia egin zion irailaren 3an, bizkaitarrak 100 urte bete baitzituen. Duela 85 urte indar faxistek egindako hegazkin erasoaren memoriak liburu batean bildu zituen Iriondok.
1937ko apirilaren 26an, hegazkinak lehergailuak Gernikaren gainean botatzen hasi zirenean, babesleku batean egon eta onik atera zen Iriondo.
Rafa Iriondo Athleticeko jokalariaren anaia zen, Gernikan oso ezaguna; Kultur Etxeko pintura eta marrazki eskola 55 urtez zuzendu zuelako.
Gainera, ipuinak, Amatxu zarzuela eta Gernika euskal operaren gidoia idatzi zituen.
Esan bezala, tragedia hura lehen pertsonan bizi eta bizirik zegoen bakanetakoa zen. Gaur, oraindik, buru-argitasun handiz gertakariak gogoratzeko kapaz zen.
Honenbestez, Gernikako tragediaren aurpegirik ospetsuenetako bat zen. 14 urte eskas zituela bizi izan zuen, baina gertatutako bikain gogoratzen zuen. Indarkeriaren zergatia ez zuen sekula ulertu, eta Ukrainako albisteak ikustea zail egiten zitzaion orain.
Haren historia hemen bukatzen da, baina bere lekukotasunari esker, datozen belaunaldiek Gernikan gertatutakoa ezagutuko dute.