Politika -
Gernikako Estatutua
Beste eskumen baten transferentzia proposamena luzatu dio Jaurlaritzak Ministerioari
Barakaldoko Makineria Egiaztatzeko Zentroaren (CNVM) eskumena planteatu dio EAEko Exekutiboak Espainiako Gobernuari. Jaurlaritzak ohartarazi duenez, une honetan, "tren garraioaren negoziazioa soilik dago zabalik".
Agentziak | EITB Media
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernurako sailburuak transferentzia proposamena bidali zion iragan astean Isabel Rodriguez Lurralde Politikarako ministroari. Konkretuki, Barakaldoko Makineria Egiaztatzeko Zentroa (CNVM) mahai gainean jarri zuen sailburuak.
Espainiako Gobernuak egindako eta EAEko Exekutiboarekin adostutako kronograman dago jasota transferentzia. Horrela, azken sei proposamenekin, eskumenen transferentzia prozesuan aurrera egin eta adostu nahi du Eusko Jaurlaritzak.
CNVMn, laneko segurtasun eta osasunarekin lotutako lanak eta zerbitzuak garatzen dira; konkretuki, makinen eta lanerako ekipoen segurtasuna, arrisku fisikoak, zarata, dardara, arrisku kimiko eta psikosozialak.
Kostaldearen kudeaketa, immigrazioa, meteorologia, itsas salbamendua eta zinematografia babesteko funtsa izan dira sailburuak bidalitako beste transferentzia proposamenak. Aurten, une ezberdinetan, bidali dituzte planteamenduak, eta "ez da sekula erantzunik jaso".
Euskadiko Exekutiboaren esanetan, "azken urtean Espainiako Gobernuak izan duen paralisiaren" aurrean, proposamenak bidaltzea erabaki dute. Jaurlaritzak ohartarazi duenez, une honetan, "tren garraioaren negoziazioa soilik dago zabalik".