Politika -
EUSKADI IRRATIA
Atutxak esan du bazkideen arteko "konfiantza gutxirekin sortutako Gobernua" dela Kataluniakoa
EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak "arriskuan" ikusten du Generalitatea, eta "atzokoaren ostean" elkarrekin "lanean jarraitzeko gai" izango diren zalantzan jarri du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Kataluniako Gobernuaren krisia izan du hizpide, besteak beste, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, eta Generalitatea amildegiaren ertzean ikusten duela esan du. Horren hitzetan, eratu zen momentutik bertatik agerikoa zen bi bazkideak —Junts per Catalunya eta ERC— oso urrun zeudela bata bestearengandik, eta denborarekin areagotu besterik ez da egin distantzia hori. "Oso aldenduta daude bi alderdiak".
Pere Aragones Gobernuko presidenteak (ERC) bart iragarri zuenez, Jordi Puignero (Junts per Catalunya, JxCat) presidenteordea kargutik kanpo uztea erabaki du, berarengan "konfiantza galdu" duela argudiatuta. Zentzu horretan, "arriskuan" ikusten du Kataluniako Gobernua, eta atzokoaren ondotik, buruzagi jeltzaleak ez du uste elkarlanari eusteko gai izango direnik. "Benetako arriskuan ikusten dut Generalitatea. Gogorra da gertatzen ari dena, baina konfiantza galtze hori lehendik dator. Konfiantza gutxirekin eratutako Gobernua da eta harremana ez da ona izan bazkideen artean. Atzokoaren ostean, ez dakit elkarrekin lanean jarraitzeko moduan izango diren", esan du.
Transferentziei buruz ere mintzatu da Atutxa, eta beste behin esan du "denbora agortzen" ari dela. Agindutakoa ez betetzea egotzi dio Espainiako Gobernuari, eta "borondatea erakustea" ez dela nahikoa nabarmendu du, erabaki politikorik ez badago. Hala, EAJrentzat "Espainian egonkortasuna egotea garrantzitsua" den arren, "beti ez gara amildegiaren beste aldean zer dagoen zain egongo".
Bestalde, zergen inguruko erreformaren inguruan Espainia mailan sortu den eztabaidaren harira, BBBko buruak adierazi du PSOEk hasieratik erakutsi duela "gurekin akordioa erdiesteko borondatea", baina ikusi egin beharko dela hartuko diren erabakiak EAEko sistemara nola egokituko diren. Dena dela, ziur agertu da Alderdi Sozialistak ez duela hartuko Kontzertu Ekonomikoa kaltetuko duen neurririk, "eurentzat ere garrantzitsua delako ezer ez apurtzea gurekin".
Gai honek lanketa eta irakurketa zabala eskatzen duela azpimarratu du, zerga sistema aldatzea "zein zaila" den jakinda, eta horregatik, "apur bat friboloa" iruditzen zaio Estatuan dagoen "dantza" gai honen inguruan.
Hauteskundeak ate joka diren honetan, udal eta aldundietan osatuko diren akordioei buruz adierazi du EAJk toki guztietan "gehiengo egonkorrak" bilatuko dituela, eta, ez du ukatu horretarako "lehen deia" PSEri egingo dietela, "errespetuagatik eta azken urteotako elkarlanaren ondoren".