Politika -

batzarrak

EH Bilduk erabakitzeko eskubidea lortzeko "aukera guztiak aprobetxatzearen" alde egin du

Alderdi abertzaleko ordezkariak Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan bildu dira larunbat honetan, urte politiko berriari begira dituzten erronkak partekatzeko.

Nekane Zinkunegi, Gipuzkoako EH Bilduko arduradun politikoa, gaurko mintzaldian. Argazkia: EH Bildu
Nekane Zinkunegi, Gipuzkoako EH Bilduko arduradun politikoa, gaurko mintzaldian. Argazkia: EH Bildu
Nekane Zinkunegi, Gipuzkoako EH Bilduko arduradun politikoa, gaurko mintzaldian. Argazkia: EH Bildu

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk hainbat batzar deitu ditu larunbat honetarako Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, ikasturte berriari begira dituzten erronkak oinarri politikoekin partekatzeko. Alderdi abertzaleak EAJri erantzun dio erabakitzeko eskubidearen alde duen borondate politikoa "argia" dela, eta adierazi du "ditugun aukera guztiak aprobetxatzeko eta aukera berriak sortzeko" asmoa duela.

Koalizio subiranistak azaroaren 12an Bilbon egitekoa den manifestazio deialdiari erreferentzia eginez adierazi duenez, "euskal olatuak traba guztiak gaindituko dituela badakigu, herri honen indarra eta ilusioa geldiezinak direlako".

Gipuzkoa

Nekane Zinkunegi EH Bilduko Gipuzkoako arduradun politikoak hitz egin du koalizioak Orion egin duen batzarrean. Bertan, alderdiko hainbat kargudunek hartu dute parte, hala nola Juan Karlos Izagirre eta Maddalen Iriarte hautagaiek.

Bere hitzaldian, "aste honetako argazkia paradoxikoa" izan dela adierazi du, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin diren Politika Orokorreko bilkurak aipatu ditu. "Hurrengo eguneko prentsa titularretan, bi lurraldeen arteko aldea nabaria zen: Unai Rementeriak azpiegiturez hitz egiten zuen, Markel Olanok erabakitzeko eskubideaz", nabarmendu du.

Buruzagi abertzaleak zalantzan jarri du "kurtso politikoaren hasiera edo hauteskunde fasearen aurretiko hasiera" izan daitekeela, baina, edonola ere, "zalantzak argitzeko", EAJri zuzenean galdetu diote "erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera horrek non duen muga". "Sozialistek, zuen gobernukideek, ezar dezaketen betoan?", galdetu du.

Adierazi duenez, EAJren erantzuna da "erabakitzeko eskubidea gauzatzeko hiru elementu behar direla: borondatea, proposamena eta aukera". Horren aurrean, EH Bilduren borondate politikoa "argia" dela azpimarratu du Zinkunegik.

EH BIlduren ordezkaritza, Orion. Argazkia: EH Bildu

Nafarroa

Bestalde, Laura Aznal hautagaiak "Nafarroa bidezkoago eta demokratikoago" baten aldeko apustua egin du Antsoaingo Antzokian, "pertsona guztien eskubideak bermatzeko.

"Bizi ditugun krisien antzera, aurrean ditugun erronkak ere askotarikoak eta garrantzitsuak dira, eta azken gertakariek are gehiago agerian utzi dute. Erronka handiak ditugu arlo ekonomikoan, sozialean, klimatikoan eta energetikoan", nabarmendu du. Ildo horretan, Aznalek berretsi du EH Bilduk "Nafarroako herritar guztien eskubideak bermatzeko eta beharrak asetzeko lanean jarraitzeko" asmoa duela.

Antsoaingo bilera. Argazkia: EH Bildu

Araba

Arabako EH Bilduk "aberastasunaren banaketa", sektore energetikoetan esku hartzea eta "etxebizitza, osasun, hezkuntza eta zaintza politiketan premiazko irtenbideak" lehenetsiko dituzten neurri fiskalak eskatu ditu.

Aguraingo Harresi Aretoak 70 buruzagi bildu ditu eta, besteak beste, ikasturte honetarako plan politikoari heldu diote. Koalizioaren kezka nagusia "krisi ekonomikoak sortu duen egoera larriari erantzutea" dela adierazi dute taldetik, eta lehentasuna "zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak defendatzea" izango dela gaineratu. "Bizitza duinak bermatzeko beharrezko neurriak bultzatuko ditugu", ziurtatu du Ibon San Saturnino EH Bilduren lurralde horretako arduradun politikoak.

Agurainen egindako batzarra. Argazkia: EITB Media

Bizkaia

Bukatzeko, EH Bilduk Bizkaian duen ordezkaritza Zornotzako Zelaieta Zentroan bildu da, eta bertan Maria del Riok hartu du hitza. Gogorarazi du hurrengo hitzordua azaroaren 12an izango dela Bilbon, "euskal olatua osatzeko".

Aderdiak Zornotzan egindako batzarra. Argazkia: EH Bildu

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Alderdi politikoak EH Bildu Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa