Politika -
Krisia Kataluniako Gobernuan
Borrasek, Kataluniako Gobernuaz: "Ez da koalizio gobernu bat, talka egin duen gobernua baizik"
JxCat alderdiko presidenteak oso hitz gogorrak izan ditu ERCren eta Aragonesen kontra. "Akordioa betetzeko eginahalak egin ditugu, eta ezetza topatu dugu uneoro. Baliteke ERCk beste itun batzuk edukitzea PSOErekin, eta horiek lehenestea", esan du.
Agentziak | EITB Media
Laura Borras Junts per Catalunya (JxCat) alderdiko presidenteak uste du Pere Aragonesen gobernua ez dela koalizio gobernu bat, "talka egin duen gobernua baizik". Horren aburuz, Kataluniako presidentea ez dago independentzia lortzeko lan egiteko prest.
TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, Kataluniako Gobernua "iruzurtia" dela azpimarratu du, ez baitu hitzartutakoa bete.
"Akordioa betetzeko ahaleginak egin ditugu, eta ezetza topatu dugu uneoro. Baliteke ERCk beste itun batzuk edukitzea PSOErekin, eta horiek lehenestea. Aragones presidente izatea ahalbideratu zuen akordioa alboratu du", nabarmendu du.
Hori horrela, hausturaren ardura "akordioa bete nahi ez duenarena da", Borrasen hitzetan.
Zehaztu duenez, 74 diputatuk —ERC, JxCat eta CUP alderdienak— egin zuten Aragones presidente, baina orain 33 diputatu errepublikarrak baino ez dira geratzen: "Hasieran 74 diputatuko gobernua zen, orain 33koa".
Alderdikideen artean egingo duten galdeketaz, Borrasek ez du argitu zer bozkatuko duen, baina bere botoa "argi" duela azpimarratu du, eta hala jakinaraziko die, dagokionean, JxCateko kideei.