Politika -
ELKARRIZKETA
Anduezak uste du Podemos "haserrealdi bat irudikatzen" ari dela, aurrekontuen onarpena justifikatzeko
Defentsara bideratutako partida igo izana "ezkutatzea" egotzi dio Unidas Podemosek PSOEri. Horrek, PSE-EEko idazkariaren hitzetan, gauza bat uzten du agerian: "Podemosek ez ditu bere etxerako lanak ondo egin edota gezurretan ari da".
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Estatuko Aurrekontu Orokorretako proiektua onartuta, PSOE eta Unidas Podemos Espainiako Gobernuko bi bazkideek atzo irudikatu nahi izan zuten batasun argazkia berehala lausotu da. Berria zabaldu eta ordu gutxira, Defentsarako gastua igotzea "alde bakarreko erabakia" izan zela esan zuen alderdi moreak, eta informazio hori ezkutatzea leporatu zien sozialistei. Bi alderdion arteko enegarren polemika hori izan du hizpide, besteak beste, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Horren hitzetan, "haserrealdi bat irudikatzen" ari da Unidas Podemos, aurrekontuen onarpena justifikatzeko.
Halaber, "gastu sozialaren meritua" alderdi moreak bere gain hartzeari "gehiegizkoa" iritzi dio. "Etengabe euren burua nabarmentzeko" ahaleginean ikusten du alderdi morea Anduezak, eta behin eta berriz azpimarratu du PSOE dela gizarte gaiekiko konpromiso argiena erakutsi duen alderdia "Espainiako gobernu eta erakunde guztietan".
Zentzu horretan, aurrekontuen gaineko botoaren norabidea erabakitzerakoan "arduraz jokatzeko" eskatu die EAJri eta EH Bilduri. "Ardura erakusteko unea da, eta ez tratuan trebetasun handiagoa nork duen erakusteko momentua. Noski, negoziatu egin beharko da, eta aurkeztuko diren emendakinak aztertu egin beharko dira, baina herri honek inoiz izan dituen kontu sozialenak onartzeko ordua ere bada", gaineratu du.
Hala, EAJri gogorarazi dio ez litzatekeela egokia transferentzien gaia eta aurrekontuena nahastea. Eskumenen inguruko negoziaziorako beste mahai bat badagoela esan du, eta azaldu du, horretarako ere, Espainiako Gobernuak "aro berri bat zabaltzeko borondatea" erakutsi duela.
Erreforma fiskalari buruz, berriz, PSE-EEk ziurtatu du beti neurri progresiboen alde egingo duela, nabarmenduz "aberatsei bizimodua erraztea" ez dela euren egitekoa.
Azkenik, datorren urteko udal eta foru hauteskundeen ondorengo balizko aliantzei buruz galdetuta, uste du ezkerreko akordio zabalak erdiesteko baldintzarik ez dagoela. Bere hitzetan, ezkerreko alternatiba bat nahi bada, ezkerreko proiektua behar da, eta gaur egun PSE da ezkerreko proiektua duen alderdi bakarra: "Podemosek ez du proiekturik herri honetarako, eta EH Bilduren proiektu bakarra subiranotasunarena da".