Politika -
Lesmesen dimisioa
PSOE eta PP, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko "azken saiakeraren" aurrean
Felix Bolaños Presidentetzako ministroak esan du "orain serio" ari direla. Esteban Gonzalez-Pons PPko idazkariorde instituzionalak esan du Espainiako Gobernuak jada ez dituela "mespretxatzen".
EITB Media
Felix Bolaños Presidentetzako ministroak astelehen honetan jakitera eman duenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiaren arteko bileran "azken saiakera bat" egitea erabaki dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) berritzeko.
Bolañosek, Moncloa Jauregian Sanchezek eta Feijooren arteko hiru orduko bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, adierazi du egoera "oso larria" dela, batez ere Carlos Lesmes Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak dimisioa eman ostean, eta berretsi du Espainiako Gobernuaren konpromisoa Alderdi Popularrarekin "lehenbailehen" akordio bat lortzea dela, botere judizialean dagoen krisi instituzionala ixteko.
Bigarren zatian, Presidentetzako ministroa eta Esteban Gonzalez-Pons PPko idazkariorde instituzionala sartu dira bileran, eta adostu dute beraiek negoziatzea orain akordio hori.
Gonzalez Ponsek ziurtatu du Espainiako Gobernuak jada ez dituela "mespretxatzen", eta "azken aukera" ematea adostu dute, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eta Auzitegi Konstituzionala berritzeko orduan "zirt edo zart egiteko". Hala adierazi du bileraren osteko prentsaurrekoan.
Unidas Podemos Exekutiboko kideak ez du bilera horretan parte hartu, baina Yolanda Diaz bigarren presidenteordeak "demokraziaren aurkako blokeoak" suposatzen duen "anomalia" zuzentzeko eskatu du.
Ione Belarra Eskubide Sozialetako ministroak "demokraziari emandako kolpe biguna" amaitzeko eskatu dio PPri, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzea eskatu du, Alderdi Popularrari "kontzesiorik egin gabe".
Halaber, alderdi moreak PSOEri ohartarazi dio bermatu egin behar duela Podemosek, Exekutiboko kide "legitimo" gisa, negoziazioan zeregin "erabakigarria" eta aktiboa izango duela, erakunde judiziala desblokeatzeko.
Bestalde, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailearen ahotan, "tamalgarria eta onartezina" da organo judizialen blokeoa, eta uste du Lesmesen ukoarekin egoerak "zegoen bezala" jarraitzen duela.
Ohar batean, Estebanek esan du Lesmesen erabakiak ez duela "egoera okertuko, praktikan, zegoen bezala jarraitzen duelako", eta gaineratu du dimisioa "aspaldi" gertatu behar zela.