Politika -
Ustezko ustelkeria
Santisteban Alonsotegiko EAJren alkate ohia ustelkeria kasu batean nahasita egon liteke, epaile baten ustez
Barakaldoko Instrukzio epaitegiko magistratuaren susmoa da 2007-2011 aldian alkate jeltzalea izandakoak, arkitekto batek eta lau enpresaburuk herrian egin beharreko lanak faltsutu zituztela diru publikoa poltsikoratzeko.
EITB MEDIA
Leyre Perez Barakaldoko (Bizkaia) 1. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko magistratuak ustelkeria zantzuak antzeman ditu Alonsotegiko EAJren beste alkate baten jardunean. Zehazki, Aitor Santisteban Aldamak (2007-2011 legegintzaldian izan zen alkate), Alberto Zulueta Goienetxea Udalarentzat lan egin zuen arkitektoarekin eta lau eraikuntza enpresabururekin batera sinatutako hainbat lan egiteko dekretuak ikertu ditu epaileak, eta sei delitu egon diren susmoa azalarazi du.
Ikerketa egin ondotik emandako autoan, epaileak ebatzi du seiek "ados jarrita, eta modu ez zilegian etekin ekonomikoa lortu nahian, hainbat lan egiteko itxurak egin zituztela Estatuko, lurraldeko eta tokian tokiko dirulaguntzak eskuratzeko, ondare publikoen kaltetan". Instrukzio epailearen ustez, ustelkeriarekin lotutako sei delitu egin ahal izan dituzte ikertutakoek, besteak beste, prebarikazioa, iruzurra dirulaguntzak jasotzeko, bidegabeko eralgitzea eta dokumentu ofizialak faltsutzea.
Instrukzioa bukatuta, Fiskaltzari eta kereilariei (Udala bera, Bizkaiko Foru Aldundia, Estatuko Abokatutza eta EH Bildu) euren akusazioak aurkezteko eskatu die epaileak, balizko ahozko epaiketa bat egiteko.
Autoaren arabera, ikertutako bost pertsonek Alonsotegin egin beharreko lanen inguruko lau proiektu aurkeztu eta onartu zituzten 2008an, denak ere diru publikoz ordaintzeko (Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Gobernuaren dirulaguntzak eskatu zituzten finantzatzeko). Milioi bat euro pasatxo eskuratu zituztela uste du epaileak, lanak ez baitziren burutu. Dirutza Zulueta arkitektoaren estudiora eta eraikuntza enpresetara bideratu ei zuten.
Ustelkeriarekin lotuta, ikerketapean den Alonsotegiko hirugarren alkate jeltzalea da Santisteban. Hain justu, datorren astean hasiko da Jose Luis Erezuma (2011-2015) EAJren alkate ohi eta Santistebanen ondorengoaren kontrako epaiketa. Gabino Martinez de Arenaza (2003-2007) ere auzipetuta dago antzeko delituengatik.
EAJren Bizkai Buru Batzarrak (BBB) prozedura judiziala "errespetatzen" duela adierazi du.