Politika -
JUSTIZIA
Salvador Alba epaile ohia kartzelan sartu da ustelkeriagatik ezarritako zigorra betetzeko
Auzitegi Gorenak sei urte eta erdiko kartzela zigorra berretsi zion, eroskeria, prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzeagatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Salvador Alba epaile ohia gaur goizean sartu da Las Palmas I espetxean ustelkeriagatik ezarri zioten sei urte eta erdiko kartzela zigorra betetzeko. Atzo arratsaldean Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak epaile ohia bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen, defentsaren alegazioak atzera bota eta bere borondatez aurkezteko epea amaitu zela argudiatuta.
Epaile ohiak sei urte eta erdiko kondena bete beharko du, eroskeria eta prebarikazioa delituengatik eta dokumentuak faltsutzeagatik. Auzitegi Gorenak 2021eko azaroan berretsi zuen zigorra. Epaiak frogatutzat eman zuen Salvador Albak instrukzio penal bat manipulatu zuela Victoria Rosell epaileari kalte egiteko, hain zuzen ere, azken hori Podemoseko diputatua zenean Diputatuen Kongresuan.
Iragan urriaren 13an, Poliziak aurrez aurre jakinarazi zion 24 orduko epea zuela espetxean bere borondatez sartzeko.
Auzi horrengatik, karrera judizialetik kanporatu zuten. Magistratu ohia den neurrian, bere profil profesionaleko zigortuentzako kartzela batean bete beharko du kondena: Estremera, Sevilla I, Castello II, Monterroso eta Logroño) espetxe batean bete beharko du kondena. Hala ere, egiaz, berak aukeratutako espetxe batean aurkez dezake bere burua.
Justizia Administrazioko letradu den Teresa Lorenzo emazteak adierazi zuen gaur 15:00etatik aurrera espetxe batera joateko asmoa zuela; izan ere, bikotekidearen arabera, borondatez espetxera agertzeko ostegunean emandakoa epea ez da ordura arte amaitzen.
Azken egunetan defentsa abokatua ahaleginak eta bi egiten aritu da espetxean sartu ez zedin. Hala ere, Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu saiakera horiek guztiak.