Politika -

Aranzadiren 75. urteurrena

Lehendakariak Aranzadi Elkarteak egindako lana azpimarratu du memoria historikoa berreskuratzeko

Urkulluk goraipatu du Zientzia Elkarteak 75 urteotan egindako lana, "bereziki, desagertutako pertsonen gorpuzkiak lurpetik ateratzean, edo gerraren ondorioz hil ziren pertsonei buruzko datu basea lantzean".

Aranzadiren 75. urteurrena ospatzeko bisita instituzionala. Argazkia: Irekia.
Aranzadiren 75. urteurrena ospatzeko bisita instituzionala
Aranzadiren 75. urteurrena ospatzeko bisita instituzionala. Argazkia: Irekia.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Aranzadi Zientzia Elkartearen eta memoria historiko eta demokratikoa berreskuratzeko politika publikoen arteko lankidetza azpimarratu du, "bereziki, desagertutako pertsonen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko, edo gerraren ondorioz hil ziren pertsonei buruzko datu basea egiteko".

Urkulluk gogorarazi duenez, datu base horrek 21.000 erregistro ditu herritarren eskura. Lehendakariarekin batera, Arantxa Tapia, Bingen Zupiria eta Beatriz Artolazabal sailburuak izan dira gaur Aranzadiren 75. urteurrena dela-eta Donostian egindako bisita instituzionalean.

Lehendakariaren hitzetan, azken 75 urteetan, "etengabeko konpromisoa hartu du Aranzadik gure ondarea, natura eta memoria historikoa zaintzeko eta zabaltzeko".

Zientzia Elkartearen helburua "ikertzea, ezagutzea, sentsibilizatzea, baloratzea, babestea eta sustatzea dela", nabarmendu du. Halaber, "sareko zientzia, profesionaltasuna eta zorroztasuna, eta ikerketa, hedapena eta prestakuntza" helburu dituela gaineratu du.

Lehendakariak eskertu egin du "Aranzadik egia zientifikoa bilatzeko eta zabaltzeko hartu duen konpromisoa", bai eta bere lan-eredua ere, "gizarte ekimenetik lankidetzarako gogoa" azpimarratuz.

Era berean, Aranzadik urteurren hau "iraganari begira eta etorkizuna eraikiz" ospatzen duela esan du, "zientziarik gabeko etorkizunik eta memoriarik gabeko iraganik ez dagoela erakutsiz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Memoria historikoa albisteak Aranzadi Zientziak lurpetik ateratzea