Politika -
Memoria historikoa
Gerra Zibilean fusilatutako gipuzkoarrak omendu dituzte Hernanin
200 inguru izan ziren 1936ko gerraren testuinguruan fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu zituztenak. Hernaniko Udalak deituta, oroimen ektaldia egin dute gaur Hernaniko hilerrian 'Argi-Horma' eskulturaren aurrean, hildakoen senideekin eta elkarte memorialistetako kideekin batera.
O. P. | EITB Media
1936an Hernanin fusilatutako eta hilobiratutako gipuzkoarren aldeko oroimen ekitaldia egin dute igande eguerdian, azken urteetan egin bezala, "haien oroimena eta duintasuna berreskuratzeko".
Ia 200 dira 1936ko Gerra Zibilaren testuinguruan fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu zituzten gipuzkoarrak. Ekitaldian azaldu dutenez, Ondarretako espetxera eramaten zituzten preso eta handik Hernanira, fusilatu eta lurperatzera.
Hain justu biktimen oroimena bizirik mantentzeko, Hernaniko hilerriko 'Argi-Horma' eskulturaren aurrean elkartu dira eguerdian biktimen senideak, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Hernaniko Udal ordezkariak, erakunde memorialistetako kideak eta herritar ugari.
Xabier Lertxundi alkateak biktimen senideek egia jakiteko duten eskubidea aldarrikatu du, eta erreparazioa eta justizia beharrezko direla nabarmendu, gaurko ekitaldia pauso bat gehiago izanik bide horretan.
Miguel Artola izan zen fusilatu horietako bat; gaur bere biloba Concha Artolak hitza hartu du, eta ezagutu ez zuen bere aitonaren eta beste biktimen oroimena bizirik mantentzeko beharra azpimarratu du: "hemen gertatu zena ez dugu inoiz ahaztu behar". Era berean, belaunaldi berriei historiaren zati hau transmititu beharraz hitz egin du.
2016an egin zuten oroimen ekitaldia azkenekoz, eta asmoa lau urtetik behin egitea bazen ere, 2020an egitekoa zena atzeratu egin da gaur arte, pandemia tarteko.