Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Izagirre: "Kritikatik harago konpromiso garaia da; EH Bilduk alternatiba bat eman behar du, sinesgarria"
EH Bilduren Donostiako alkategaiak azpimarratu duenez, koalizioak programa bat dauka herriari eskaintzeko. "Gaizki egindakoak edo herriarekin konektatu ez duten erabakiak" norabide berrian jartzeko asmoa agertu du.
O. A. | EITB MEDIA
Udaberrian egingo diren udal eta foru hauteskundeak gero eta gertuago dauden honetan, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako alkategaia elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Deskonexio bat nabaritzen du oraingo udal gobernuaren eta herritarren artean, horren iritziz, hartu diren erabaki askok ez dutelako bat egiten herritarrek behar edo nahi dutenarekin. Dena dela, kritikatik harago, konpromiso garaia dela uste du, eta argi dauka EH Bilduk alternatiba bat eman behar duela, sinesgarria eta sendoa izango dena.
Juan Karlos Izagirrek azaldu duenez, herriarentzat onuragarria izango den programa bat dauka eskaintzeko EH Bilduk. Autokritika ere egin du eta "gaizki egindakoak edo herriarekin konektatu ez duten erabakiak" norabide berrian jartzeko asmoa agertu du. "Gure misioa dauden arazoei soluzioak eskaintzea da, eta hori da egingo duguna", gaineratu du.
Izagirreren arabera, 2015ean Donostiako alkate izateari utzi zionetik, hiria transformatu egin da, baina ez norabide onean. Adibide gisara aipatu ditu etxebizitza, turismoa edo trafikoa. Nabarmendu du, egunerokotasunean eragin handia duten gaiak izaki, aldaketa horien onurak eta kalteak ondo neurtu behar direla. Halaber, garrantzia handia eman dio donostiarren ahotsa entzuteari eta erabakiak azaltzeari. "Uste dut horrela ez dela egin, eta hortik, jendearen haserrea", gehitu du.
EH Bilduko hautagaiaren hitzetan, turista "mimatu" egin behar da, baina bere hirian eta auzoan gustura sentitu behar dutenak auzotarrak eta hiritarrak dira. "Lehentasuna izan behar du hiritarrak kaltetuak ez izatea", zehaztu du.
Gaur aurkeztuko da Frantziako Tourraren 2023ko edizioa. Lehen etapa Bilbon hasiko da, eta bigarrena, ostera, Donostian amaituko da. Tourra ekartzea ideia ona dela adierazi du, baina erabakiak hartzen direnean ondo kalkulatu behar direla kostuak, kalteak eta onurak. Dena dela, horrelakoak behar direla iritzi dio, Donostia bihurtuko delako mundu guztiaren erreferentzia, bisitariak erakarriko dituelako, eta ondorioz, diru sarrerak izango direlako. "Uste dut positiboa dela hiriarentzat, esplikatuz eta ondo neurtuz", amaitu du.