Politika -
Omenaldia Santurtzin
"Gerrari 'ez' esatearen" garrantzia azpimarratu du lehendakariak 1937ko euskal haurren ebakuazioa gogoan
Aurten 85 urte bete dira Gerra Zibileko ebakuazio horretatik eta egungo gatazka testuinguruan, Urkulluk elkarrizketaren bidea aldarrikatu du gatazkak konpontzeko metodo gisa. Omenaldi ekitaldian, erbestera joan behar izan ziren pertsona horien aldeko eskultura inauguratu dute Santurtziko portuan.
EITB Media
"Gerrari 'ez' esatearen eta indarkeriarik ezaren" garrantzia azpimarratu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Gerra Zibilaren testuinguruan, etxea utzi eta erbestera joan behar izan ziren milaka haurrak gogoan hartzeko ekitaldian egin ditu adierazpenok, eta Ukrainako gerra ere hizpide hartuta, elkarrizketaren bidea aldarrikatu du gatazkak konpontzeko metodo gisa.
85 urte dira aurten euskal haurren ebakuazioa egin zela, eta horiek denak omentzeko ekitaldiaren buru izan da gaur Urkullu Santurtzin (Bizkaia). Ekitaldian 1937an ebakuatu zituzten pertsona horietako batzuk egon dira. Hain justu, ebakuazio hura gogoratzeko eskultura paratu dute portuko kaian, handik abiatu baitzen 4.000 ume inguru zeramatzan Habana ontzia, 1937ko maiatzaren 21ean.
"Duela 85 urteko irudiek, gaurko irudiek, gerrari 'ezetz' esatera garamatzate. Berriz ere berresten dugu indarkeriarik eza eta elkarrizketa direla gatazkak konpontzeko metodoa; berresten dugu printzipio eta balio etiko eta demokratikoekiko konpromisoa", nabarmendu du.
Gainera, Urkulluk Euskadiren izaera abegitsua balioan jarri du. Gogora ekarri duenez, gaur egun Saharako haurrak edo Txernobil ingurukoak hartzen dituzten familia ugari dago eta, bereziki egun, Errusiako inbasioaren biktima diren haurrak ere hartu dituztela azpimarratu. "85 urte geroago inbasioaren historia errepikatu egiten da, baina alderantziz", gaineratu du.