Politika -
Botere Judiziala
Rafael Mozo batzordekideak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidente izaten jarraituko du
Hala erabaki du Auzitegi Gorenak. Wenceslao Olea batzordekideak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko idazkari Jose Luis de Benitok kautelazko neurriak zituzten eskatuta; izan ere, epaileen gobernu organoko ordezko presidente izendatu zuen akordioaren aurkako helegitea jarri zuten.
EITB MEDIA
Auzitegi Gorenak erabaki du ez duela bertan behera utziko kautelazko neurri gisa Rafael Mozo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Presidentetzan egoteko izendapena. Mozok Carlos Lesmesen kargua hartu zuen bere gain, Lesmesek urrian dimisioa eman ondoren; dimisioaren arrazoia zen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak lau urte daramatzala jardunean, berriztatu gabe.
Iturri juridikoek esan dutenez, Gorenak atzera bota ditu Wenceslao Olea batzordekideak eta Jose Luis de Benito Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko idazkariak eskatutako kautelazko neurriak; izan ere, epaileen gobernu organoko ordezko presidente izendatu zuen akordioaren aurkako helegitea jarri zuten.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak urriaren 13an adostu zuen Mozo ordezko presidente izendatzea; orduan, 18 batzordekideetako 16k erabaki zuten hori, kontuan izanik Mozo zela adin handieneko batzordekidea.
Ebazpen horren ondorioz, Botere Judizialean bi nagusi daude. Alde batetik, Mozo da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko jarduneko presidentea; bestetik, Francisco Marin Castan magistratuak gauza bera egiten du Auzitegi Gorenean. Ohiko baldintzetan, pertsona bakarrak hartzen ditu bere gain bi kargu horiek.
Gatazka urriaren 9an hasi zen. Egun horretan, Carlos Lesmesek dimisioa eman zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidente gisa. Epaileen gobernu organoa berritzeko PSOEren eta PPren arteko negoziazioetan, ez zegoen aurrerapenik, eta, beraz, irailaren 7an urte judiziala hasi zenean ohartarazi zuenez, Lesmesek dimisioa aurkeztu zuen.