Politika -

Radio Euskadi

Tapia: "Hilabete hotzenak ditugu aurretik, eta egoera konplexua izango da denontzat"

Atzeraldirako arriskurik ez dagoela ziurtatu badu ere, beste behin, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua "oso kezkatuta" agertu da euskal ekonomiaren motelaldiarekin.

Arantxa Tapia, gaur, Radio Euskadin
Arantxa Tapia, gaur, Radio Euskadin
Arantxa Tapia, gaur, Radio Euskadin

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzeraldi baterako arriskurik ez, baina motelaldi betean ikusten du euskal ekonomia Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak. Haren hitzetan, bere sailaren ahalegin nagusia, une honetan, ekonomiaren gelditze horri aurre egiteko erremintak martxan jartzean datza. Aitortu du energiaren eta argindarraren prezioen igoera ez dela ari izaten aurreikusi bezain altua, eta horrek egoera "zerbait arintzea" ahalbidetu duela. Halere, gogora ekarri nahi izan du "hilabete hotzenak" oraindik aurretik daudela, "enpresek, herritarrek zein administrazioek egoera konplexua jasan" beharko dutela esateko.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Espainiako Espazio Agentziaren egoitzarako Sevilla hautatu izanaz ere mintzatu da. Joan zen azaroaren 2an iragarri zuen Tapiak berak erakunde horren egoitza izateko hautagaitza aurkeztu zuela Euskadik, eta, orain, aukera ez dutela ikusita, "haserre ez", baina "prozesuaren formekin" bat ez datozela onartu du sailburuak. Bere iritzian, gauzak nola joan diren aztertuta, "hasieratik erabakita zirudien" egoitza Sevillan jarriko zutela, baina hautagaitzak aurkezteko bidea abian jarri zuten, "prozesua justifikatzeko". Ados egon ez arren, Gasteizko Exekutiboak jakinarazi du ez duela prozesua errekurrituko.

Halaber, EAEn eraiki asmo dituzten parke eolikoak ere izan dituzte hizpide. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren arabera, trantsizio energetikorako bidea "lehenbailehen" zabaldu behar da, eta horretarako, "inbertsioen prozesuak azkartu" egin behar dira. "Energia berriztagarria sortuko duten proiektuak lehenbailehen jarri behar ditugu abian. Trantsizio energetikoa azkartzea nahi badugu, prozesuak ahalbidetuko dituen baimenak azkartu behar ditugu", esan du.

Bestalde, Donostialdeko ESIko krisiaz, atzo Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak esandakoak berretsi ditu. Gatazka bideratzeko modu bakarra elkarrizketa dela azpimarratu du, baina "hedabideetatik kanpo".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Albisteak