Gizartea -

KRISIA OSAKIDETZAN

Jaurlaritzak Osakidetzaren krisia bideratzeko elkarrizketa eskatu du, baina "bere bidean eta tokian"

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez, Donostialdeko ESIan lehertutako egoera bideratzeko "nahitaezkoa" da elkarrizketa, baina dagokion lekuan. "Ez litzateke koherentea mediku talde baten adierazpenei hedabiden bidez erantzutea", esan du.

Bingen Zupiria, gaur Durangon
Bingen Zupiria, gaur Durangon
Jaurlaritzak eta zerbitzuburuek ''elkarrizketa'' eta ''konponbide'' hitzak jarri dituzte mahai gainean

01:20

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrizketa bai, baina bere bidean eta bere tokian. Hitzokin erantzun die Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak Osakidetzan lehertutako krisiaren aurrean Osasun Sailari gardentasun eza egotzi dietenei. Donostialdeko ESIko kargugabetze eta dimisioen ondotik, "egoera oso berezian gaudela" aitortu du Zupiriak, eta hori bideratzeko "elkarrizketa nahitaezkoa" dela iritzi dio. Zentzu horretan, argi utzi du Gasteizko Gobernuak "elkarrizketa eskatu eta eskaini" duela "arlo ezberdinetako ordezkariekin", konponbideak bilatzeko. "Horretan hasita gaude azken egunotako izendapenekin", gehitu du.

Halere, eragileen arteko hartu-eman hori dagokion tokian gauzatu behar dela nabarmendu du: "elkarrizketak bere bideak eta tokiak ditu, eta Jaurlaritzak konpromisoa du elkarrizketa sustatzeko behar den tokietan". Zentzu horretan, Eusko Legebiltzarrera joan eta eman behar diren azalpen guztiak emateko konpromisoa berretsi du. Hori dela eta, ez dio "koherentea" irizten, "mediku talde batek egindako adierazpenei", Gasteizko Gobernuak hedabideen bidez erantzutea.

Durangon, gaur goizean, egindako adierazpenetan, Jaurlaritzak "kalitatezko osasun arretarik onena eskaintzeko eta bermatzeko" duen konpromisoa nabarmendu du Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere badenak.  Gogora ekarri du "2023ko aurrekontuetan diru partidarik handiena osasun arloak eramango" duela.

Joan den ostiralean azaleratu zen aurrekaririk gabeko krisia Osakidetzan, Donostialdeko ESIko gerentea eta zuzendaria kargugabetu, eta horren ondotik hainbat arduradunek dimisioa aurkeztu eta gero.

Atzo egindako agerraldian, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak "ikuspegi bateratua partekatzeko zailtasunen" ondoriotzat jo zituen kargugabetzeak. Horren hitzetan, Osakidetzaren sarea osatzen duten erakunde guztiek "elkarri lotuta" lan egin behar dute, "ikuspegi partekatu batekin". Zentro bakoitzeko zuzendaritza taldeen "ardura da itun hori eraginkor egitea", eta Donostialdeko ESIaren kasuan "zailtasunak" izan dira "ikuspegi bateratu eta jarduera koordinatu" horri eusteko. "Donostialdeko ESIaren kasuan izan diren hainbat gertakarik hala eskatuta, pertsonak aldatzea beharrezkoa izan da. Sare bat gara". Hala azaldu zuen sailburuak, gertakari horiei buruzko xehetasunik eman gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Donostia Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Donostia Ospitalea