Politika -
AUZITEGIAK
Konstituzionalak premiazko bilkura deitu du gaur arratsalderako, Senatuak jarritako helegitearen ondotik
Auzitegi Konstituzionala berritzeko bide parlamentarioa eten ostean, Senatuak helegitea jarri du, eta hori abenduaren 22a baino lehen ebaztea eskatu du.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Premiazko bilkura deitu du gaur 19:00etarako Pedro Gonzalez-Trevijano Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak, Senatuak gaur jarritako helegite bat ebazteko. Astelehenean, Konstituzionalak Zigor Kodearen erreformaren tramite legegilea geratzea erabaki zuen PPren eskaria aintzat hartuta, eta gaur, Senatuak helegitea jarri dio erabaki horri.
Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi duenez, Senatuak, bere helegitean, abenduaren 22rako erabakia hartzeko eskatu du, egun horretarako baitago aurreikusita Zigor Kodearen erreformarako lege proiektuaren eztabaida eta bozketa Espainiako goi ganberan.
Herenegun, bederatzi orduko batzar baten ondoren, PPk eskatutako kautelazko neurriak ontzat eman zituen Konstituzionalak. Auzitegi hori berritzea, sedizio delitua ezabatzea eta diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua egokitzea dira erreformaren ardatzak. Sei magistratuk alde bozkatu zuten, eta bostek, kontra.
Erabaki hori jakinarazi zenetik, aldeek bost egun zituzten erregu-helegitea aurkezteko, Parlamentuko tramitazioa etetearen kontra. Senatuak gaur bertan hartu du bide hori.
Orain, Konstituzionalak Senatuaren eskaria tramitera onartuko balu, horrek eragin zuzena izango luke astelehenean hartutako erabakiaren gainean, eta Senatuan Zigor Kodearen erreformarako lege proiektua eztabaidatzeko zirrikitua zabalduko litzateke.