Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

34 urte iraun duen urruntze politika atzean utzita, 'etxerako bidea'ri ekiteko garaia dela uste du Azkarragak

Sareko bozeramaileak azpimarratu duenez, urruntzea amaitzeak ez du esan nahi salbuespen politikak amaitu direnik. Horren adibide jarri ditu hirugarren graduak eskuratzeko zailtasunak eta 7/2003, 5/2003, eta 7/2014 legeak.

Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea Radio Euskadin. EITB Mediaren artxiboko bideo bateko irudia
Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea Radio Euskadin. EITB Mediaren artxiboko bideo bateko irudia
Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea Radio Euskadin. EITB Mediaren artxiboko bideo bateko irudia

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

34 urteren ostean, urruntze politika amaitzetik gertu ikusten du Sarek, eta, horregatik, "etxerako bideari" hasiera emateko garaia dela uste du. Oraindik dozena bat preso daude Espainiako espetxeetan eta urruntzea 2023. urtearen hasieran amaitzea espero du, datozen asteetan edo bi hilabeteetan. Dena dela, Sareren arabera, urruntzea bukatzeak ez du esan nahi salbuespen politikak amaitu direnik. Horren adibide jarri ditu hirugarren graduak eskuratzeko zailtasunak eta 7/2003, 5/2003, eta 7/2014 legeak.

Larunbatean Bilbon presoen eskubideen alde egingo den manifestazioaren atarian, Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea elkarrizketatu dute Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.

Sareko ordezkariaren esanetan, urruntze politikaren amaiera posible izan da Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetako gehiengo politikoei, batasun sindikalari eta herritarren mobilizazioari esker. Gaineratu duenez, gizartearen mobilizazioa ezinbestekoa izan da eta etapa berri honetan ere eragile garrantzitsua izango da. "Gobernuak ez dira mugitzen, mugitu egin behar dira", nabarmendu du.

Hori dela eta, larunbatean Bilbon (17:00) egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Datuak

EPPK kolektiboko 147 preso Euskal Herriko espetxeetan daude, horietatik ia erdiak Zaballan: 66. Aldiz, 14 preso daude Espainiako Estatuko espetxeetan, eta beste 12, ostera, Frantzian. Bat ez beste guztiak Lannemezanen daude, Euskal Herritik hurbilen dagoen espetxean.

Logo aldaketa

Atzo, Sarek eta Etxeratek irudi berria aurkeztu zuten urruntze politikaren amaiera gertu dagoela irudikatzeko. Logo berri horretan Euskal Herriko mapa eta "Euskal presoak Euskal Herrira" leloa desagertu dira. Geziak eta etxera hitza, ostera, mantendu egiten dira.

ETAko presoen sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko ikur berria aurkeztu dute Sarek eta Etxeratek
ETAko presoen sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko ikur berria aurkeztu dute Sarek eta Etxeratek
ETAko presoen sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko ikur berria aurkeztu dute Sarek eta Etxeratek

1:02
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak albisteak ETA gaur Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Espetxe politika