Politika -
Elkarrizketa
Garridok ez du baztertzen erabakitzeko eskubidearen aldeko zuzenketa babestea, Konstituzioa aldatzea badakar
Podemos Euskadiko koordinatzaileak adierazi du pozik egingo luketela EAJk aurkeztutako zuzenketa horren alde, baina aurretik sakon aztertu behar dutela, "denbora eta lasaitasuna eskatzen duen eztabaida" delako. "EAJ ezin da horretaz baliatu hauteskundeetan puntuak lortzeko", esan du.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Podemos Euskadiko koordinatzaile eta Kongresuko diputatu Pilar Garrido Radio Euskadiko "Boulevard" saioan elkarrizketatu dute astearte honetan, non azkenaldian gaurkotasun politikoa zipriztintzen ari diren zenbait gai hartu dituen hizpide.
Erabakitzeko eskubidea Konstituzioan jasotzeko EAJk aurkeztutako zuzenketaren alde egingo luketen galdetuta, Garridok esan du aztertu beharreko kontu bat dela. "Konstituzioa berritzea badakar, pozik babestuko genuke, baina legealdi amaieran gaude, eta eztabaida horrek denbora eskatzen du. EAJ ezin da horretaz baliatu hauteskundeetan puntuak lortzeko, jakinda legegintzaldi bukaeran ezin direla hain gai garrantzitsuak jorratu", esan du.
Borja Semperren itzulera ere eraman dute mahai gainera gaurko elkarrizketan. Harrituta azaldu da Podemos Euskadiko koordinatzailea horren aurrean. "Ernegazioari aurre egin ezin ziola esanez utzi zuen politika, eta egoera okertu den honetan bueltan da", erantsi du.
Udal eta foru hauteskundeen inguruan adierazi du oraindik ez dituztela zerrendak prest. Dena den, aurreratu du itunak egiteko aukera zabalik dutela. "Beti egin dugu, eta bide horri eutsiko diogu, herritarren bizimodua hobetzeko baldin bada", zehaztu du.
Bukatzeko, eta hauteskundeen gaia alde batera utzi gabe, Espainiako hauteskunde orokorrei buruz egin du berba, bozak aurreratzeko aukera egon badagoela argi utzita. "Hala eta guztiz ere, nik nahiago nuke hauteskundeak egin orduko zenbait neurri onartuko balira, Kongresuan azken bultzada behar duten mozal legea eta etxebizitzen legea, esaterako", amaitu du.