Politika -

ERREFUXIATUENTZAKO ZENTROA

Jaurlaritzak ziurtatu du ez zeukala Aranako zentroaren gaineko xehetasunik

Artolazabalek aitortu du "modu informalean" jaso zutela informazioa. Haren hitzetan, bilera batean mahaigaineratu zuten EAEk errefuxiatuentzako leku gehiago behar zuela, eta horrekin bat zetorren Jaurlaritza.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Argazkia: EFE
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak ez zeukala Gasteizen egin asmo duten errefuxiatuentzako zentroaren gaineko "xehetasunik".

Zentro horren harira piztutako ika-mika mintzagai, aitortu du "modu informalean" jaso zutela informazioa. Haren hitzetan, bilera batean mahaigaineratu zuten EAEk errefuxiatuentzako leku gehiago behar zuela, eta "horrekin bat zetorren Jaurlaritza".

Espainiako Gobernuarekin eta PSE-EErekin polemikarik nahi ez duela ere onartu du, ez delako "gai samurra". Hartara, gutun baten bidez jakinarazi diote Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroari Jaurlaritzak faltan izan duela proiektu horri buruzko iritzia ematea.

Halaber, esan du beti erakutsi izan dutela gai horrekin lotuta beste administrazio batzuek gauzatutako egitasmoetan parte hartzeko borondatea. Horrekin lotuta, baina, migrazioekin lotutako transferentziaren eskualdaketa eskatu dio berriro, kanpotik iritsitako pertsona guztien arreta hobetze aldera.

Artolazabalek azaldu du ministroaren azalpenen zain daudela orain, Aranako zentroaren aferan "nola edo hala laguntzerik" duten ikusteko. Dena den, argi utzi du gaur egun esku artean darabilten proiektua ez datorrela bat EAEko harrera ereduarekin, "baliabide txikiagoetan eta harrera pertsonalagoan oinarrituta" dagoelako.

Jaurlaritzak duela lau urte eraikin hori etorkinen iritsierari aurre egiteko erabiltzea proposatu zuela dioten informazioei buruz, argitu du EAEn Espainiako Gobernuak duen Ordezkaritza -Jesus Lozak zuzendua- izan zela eraikina horretarako eskaini zuena.

Eusko Jaurlaritzak, adierazi du Artolazabalek, atzera bota zuen eskaintza hori zentroaren tamainagatik, eraikina horretarako prestatuta ez zegoelako eta "une hartan muga gainditu asmoz Irunera heltzen ziren migratzaleak zirelako arretagune".

Bestalde, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxasok eskatu du zentroa "hauteskunde munizio gisa" ez erabiltzea, ez eta "eskumenen transferentzia prozesuarekin nahastea" ere.

Era berean, "diskurtso elektoralista horrek erakusten du EAJk esku artean dituen inkestek ez dutela haientzako emaitza onik aurreikusten", adierazi du PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezak.

Eusko Legebiltzarreko oposizioko talde guztiek, aldiz, makrozentroa errefusatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Migrazioa Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua bideoak PSE-EE Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Errefuxiatuak