Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Itxaso: "Errefuxiatuentzako arreta sistema ia beteta dago Euskadin, erdibideko sare bat behar da"

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren hitzetan, Gasteizen zabaldu asmo duten errefuxiatuentzako zentroa gobernuz kanpoko erakundeekin "adostuta" eta Europako ereduan txertatuta dago. Gaiari kutsu "elektoralista" ematea deitoratu eta "gogoetarako" deia egin du.

Itxaso, Radio Euskadik Gasteizen dituen estudioetan. Argazkia: EITB Media
Itxaso,  Radio Euskadik Gasteizen dituen estudioetan.
Itxaso, Radio Euskadik Gasteizen dituen estudioetan. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkariak nabarmendu duenez, Gasteizen, Arana klinika zenaren eraikinean, zabaldu asmo duten errefuxiatuentzako arreta zentroa egungo beharrei erantzuteko da. Izan ere, zehaztu duenez, gaur-gaurkoz errefuxiatuak hartzeko plazen okupazio maila "ia beteta" dago. "Erdibideko faseko sare bat eraiki behar da pertsona horiek guztiak artatzeko", aldarrikatu du.

Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Itxasok joan den astean polemika iturri izan zen nazioarteko zentroaren auzia —Jaurlaritzak zein oposizioak gogor kritikatu dute proiektua— hartu du ahotan. Azpimarratu du zentroa gobernuz kanpoko erakundeekin "adostu" dute eta Europako ereduaren barruan dago txertatua. "Errefuxiatuen fenomenoa goranzko joeran dago, eta Europak erresilienteagoa izan nahi du", azaldu du. 

Ildo horretan, Jaurlaritzak defendatzen duen euskal eredua zein den galdetu du. Euskal eredua al da Irungo industria nabe batean 250 plaza jartzea? edo euskal familien elkartasunaren menpe jarraitzea?", itaundu du. Argudiatu duenez, "ez da bideragarria" errefuxiatuak zuzenean etxebizitzetara joatea, laguntza behar dutelako, "autonomia eta integrazioa helburu duen erdibideko errekurtso batzuk". Halaber, azaldu du zentroak 350 leku izango dituela, baina horrek ez duela esan nahi "beti beteta" egongo denik. 

Bestalde, azken astean sortutako ika-mikari buruz, "eztabaida alderdikoi eta elektoralista" izatea deitoratu du, eta buruzagi batzuen adierazpenak "arduragabeak" izan direla salatu. "Badirudi azken egunotan gogoetarako eta gaiari pasioa kentzeko ahalegin bat egon dela, eta horretan lagundu nahi dut", esan du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua PSE-EE Denis Itxaso Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Errefuxiatuak azken ordukoa