Politika -

KATALUNIA

Kataluniako prozesuan dirua bidegabe erabiltzeagatik ezarritako zigorrak mantentzea babestu du Fiskaltzak

Zigor Kodearen erreforma indarrean sartuta ere diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik ezarri daitezkeen espetxe eta inhabilitazio zigorrak berdinak direla dio Espainiako Fiskaltza Nagusiak. Aitzitik, sedizioagatik bakarrik kondenatuak izan zirenei zigorrak murriztea babestu du.

Oriol Junqueras Kataluniako prozesuan zigortuetako bat. Artxiboko argazkia: EFE
Oriol Junqueras Kataluniako prozesuan zigortuetako bat
Oriol Junqueras Kataluniako prozesuan zigortuetako bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zigor Kodearen erreforma indarrean egonda ere, Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuan dirua bidegabe erabiltzeagatik ezarritako zigorrak mantentzea babestu du Espainiako Fiskaltza Nagusiak. Bere idatzian dioenez, erreformak erreforma, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik ezarri daitezkeen espetxe eta inhabilitazio zigorrak berdinak dira. Hori dela eta, dirua publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortutako Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiari eta Jordi Turull, Raul Romeva eta Dolors Bassa kontseilari ohiei zigorrak mantentzea defendatu du, inhabilitazioa barne. Aitzitik, sedizioagatik bakarrik kondenatuak izan zirenen zigorrak murriztea babestu du: Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Joaquin Forn eta Josep Rull.

Alvaro Garcia Ortiz Espainiako fiskal nagusiak irizpidea ezarri du erreformaren ondoren egingo diren kasuen berrikuspenen harira, Kataluniako prozesuko epaia barne. Fiskaltzaren arabera, Zigor Kodearen erreformak ahalbidetzen du dirua bidegabe erabiltzeagatik ezarritako kondenak mantentzea, erreformak espetxe eta inhabilitazio urte berdinak ezarri dituela iritzita.

Ministerio Publikoak azaldu duenez, dirua bidegabe erabiltzearen delitu berriak zigorra aurreikusten du erantzuleak ondare publikoa berea balitz bezala, kontzientziaz eta borondatez, erabiltzen duen kasu guztietan. Beraz, aberaste pertsonala ez dagoenean ere delitu hori ezarri ahalko dela ebatzi du.

Fiskaltza Nagusiak, ostera, sedizioagatik bakarrik kondenatuak izan zirenei zigorrak murriztea babestu du. Hala, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiari (9 urte eta bi hilabete), Jordi Sanchezi eta Jordi Cuixarti (5 urte desordena publikoengatik) eta Joaquin Forn eta Josep Rull kontseilari ohiei (8 urte eta 2 hilabete) inhabilitazio zigorrak murriztea eskatu dio Auzitegi Gorenari.

Espainiako Gobernuak indultua eman zien Kataluniako prozesuan zigortatutako guztiei, baina ezarri zizkieten gaitasungabetze zigorrak bete behar dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak Auzitegi Gorena bideoak Delituak argazkiak Espainia argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Kataluniako prozesua zuzenean