Politika -

HERIOTZA

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohia hil da

68 urterekin hil da Bilbon eta hil beila ostiral eguerdian zabalduko dute Zumalakarregi etorbideko 10. zenbakian. Legebiltzarkide izan zen 1994tik 2016ra bitartean eta tartean Herrizaingo sailburu izan zen Patxi Lopez lehendakari zela.

Rodolfo Ares
Rodolfo Ares
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohi eta PSE-EEko buruzagi ohia hil da

0:38

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohia eta PSE-EEko buruzagi historikoa hil da 68 urterekin, Bilbon, Alderdi Sozialistako iturriek jakinarazi dutenez.

PSE-EEk bere mina adierazteaz gain, besarkada handi bat bidali nahi izan dio bere familiari sare sozialetan argitaratutako mezu labur batean.

Hil beila ostiralean (12:30) zabalduko dute Bilboko Zumalakarregi etorbideko 10. zenbakian.

1954an Galizian jaioa, 1994tik 2016ra arte legebiltzarkide izan zen. Patxi Lopez lehendakari zela Herrizaingo sailburu izan zen 2009tik 2012ra eta bere agintaldian ETAk iragarri zuen jarduera armatua behin betiko amaitu zuela. Bera sailburu zela hil zen Iñigo Cabacas Athleticeko zalea Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo ostean.

Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen 1983 eta 1990 artean eta urte horretan Bizkaiko Foru Aldundira joan zen, bertan ahaldun nagusiorde eta Hirigintza eta Ingurumen diputatu karguak izan zituela. 1991n bere aulkia utzi zuen Bilboko udal hauteskundeetan bere burua PSE-EEko alkategai aurkezteko.

Sozialisten udal bozeramailea zela (1991-1994) Bilbao Ria 2000 enpresa publikoaren sorrera bultzatu zuen. 1994an legebiltzarkide hautatu zuten eta Euskal Sozialistak Legebiltzar taldeko bozeramailea izan zen 2000 eta 2005 artean. 2008an Exekuzio Batzorde Federaleko kide aukeratu zuen PSOEko Biltzarrak.

Era berean, PSE-EEko Antolakuntza idazkaria izan zen, alderdiko bigarrena, 1995 eta 2009 artean, Ramon Jauregui, Nicolas Redondo Terreros eta Patxi Lopezen idazkari nagusi izan ziren garaian.

Erreakzioak

Rodolfo Aresen heriotzak erreakzio katea luzea eragin du. PSE-EEk, alderdikideek, alderdi politikoek, lehendakariak eta Espainiako gobernuburuak, besteak beste, beren atsekabea agertu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Politika Eusko Jaurlaritza Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa PSE-EE albisteak