Politika -

Ukrainako gerra

Defentsa Ministerioa Zaragozako Leopardak prestatzeko lanean hasita dago

Margarita Robles ministroak azaldu duenez, gerra-gurdi horiek bidaltzearekin batera, erabiltzen eta mantentzen dakiten pertsonak ere bidali beharko dira. Gaur arratsaldean zortzi herrialderen arteko lehen koordinazio bilera egingo dutela ere esan du.

Margarita Robles, Espainiako Defentsa ministroa. Foto: EFE
Margarita Robles, Espainiako Defentsa ministroa. Foto: EFE
Defentsa Ministerioa lanean ari da erabiltzen ez diren Leopard tankeak berreskuratu eta Ukrainara bidaltzeko

1:17

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak, Margarita Roblesek, gaur jakinarazi du bere lantaldea industriarekin lanean ari dela dagoeneko Armadak dituen 2A4 motako Leopard tankeetatik Ukrainara bidaltzeko zeintzuk prestatu daitezkeen erabaki asmoz.

Printzipioz, Zaragozan, Lurreko Armadaren logistika egoitza batean, dauden gerra-gurdietako batzuk konpondu ditzaketela aurreratu du, nahiz eta horietako zenbaitek urteak daramatzaten geldirik, erabili gabe.

Prestaketa horien harira, Robles ministroaren hitzetan, ezin da bidalketa egin, besterik gabe. Garrantzia berezia eman dio bere iritzian "oso zaila" den tanke hauen erabileran ukrainarrak trebatzeari. Horrez gainera, herrialde guztiak ordezko piezekin eta mantenuarekin oso arduratuta daudela azpimarratu du. Gerra-gurdiak bidaltzearekin batera, horiek erabiltzen eta mantentzen dakiten pertsonak ere bidali beharko direla azaldu du.

Lehen koordinazio bilera

Horrez gainera, kazetarien aurrean egindako agerraldian, Defentsa ministroak jakinarazi du gaur, osteguna, egingo dela aliatuen arteko lehen koordinazio bilera. Alemaniako Defentsa ministroak 7 herrialde deitu ditu bilera horretara eta bertan hasiko dira negoziatzen bakoitzak ze ekarpen egingo duen tanke kopuruari edota entrenamentu programari dagokionean.

Hain zuzen ere, Ukrainako ministroak entrenamentuan laguntzeko eskatu diola eskutitz bidez argitu du Margarita Roblesek.

Azkenik, Espainiako Gobernuko zati bat eta oposizioko zati bat bidalketa honen aurka daudela eta, horren inguruan duen iritziari buruz galdetu diote Defentsa ministroari. Bere hitzetan, material hau bidaltzeak "Ukrainako herritarrak defendatzea du helburu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ukraina azken orduko Espainiako Gobernua albisteak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur Aragoi albisteak