Politika -
RADIO EUSKADI
"Bai bakarrik da bai" legearen babes bila "ohiko bazkideengana bakarrik" joko dutela ziurtatu du Cerdanek
PSOEren Antolakuntza idazkariak guztiz baztertu du PPri babesa eskatzea. Halaber, argi utzi du Unidas Podemosekin duten gobernu akordioa ez dagoela kolokan, "ohiko zailtasunak" gora behera.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Behin "Bai bakarrik da bai" legearen erreforma Kongresuan erregistratuta, ahalik eta babesik gehien lortzea da orain PSOEren helburua. Horretarako ate joka hasita daude sozialistak, baina "ohiko bazkideengana" joko dute bakarrik, "gobernukideengandik hasita". Hala ziurtatu du Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkariak, Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Horren hitzetan, aurkeztu duten proposamenak ez du "onarpenaren atala ukitzen", Unidas Podemosek hori leporatu dien arren. "Emakume guztien eskubideak defendatzera eta akatsak zuzentzera datorren legea da", gaineratu du.
Babes horien bila PPrengana hurbilduko diren galdetuta, goitik bera ukatu du aukera hori buruzagi nafarrak. Popularrek "beste lehentasun batzuk" dituztela ziurtatu du. "Noski, alde bozkatuko balute, hori ezin dugu ekidin", zehaztu du.
Halaber, argi utzi du Unidas Podemosekin duten gobernu akordioa ez dagoela kolokan, "ohiko zailtasunak" gora behera. "Momentu zailak" bizi izan dituztela aitortuta, "abiagune ezberdinak" dituzten bi alderdiren arteko "ohiko ezberdintasunetan" kokatu ditu oztopo horiek.
Azkenik, maiatzeko hauteskundeak ere izan ditu hizpide, eta etor litezkeen akordio eta aliantzetan "betiko formulei" eustearen alde agertu da. Horretarako, "alderdi aurrerakoiekin", tartean EH Bildurekin, lanean jarraituko dutela adierazi du. "Herritarren bizitzak hobetzeko lanean jarraituko dugu. Zentzu horretan, oso pozik nago Nafarroan eta Espainian lortutako akordioekin", amaitu du.