Politika -
USTEZKO USTELKERIA
Zazpi urteko kartzela zigorra eskatu dute Alonsotegiko alkate ohiarentzat, dirua bidegabe erabiltzea egotzita
Fiskaltzaren iritziz, 2007-2011 aldian alkate jeltzalea izandakoak, arkitekto batek eta lau enpresaburuk herrian egin beharreko lanak faltsutu zituzten diru publikoa poltsikoratzeko.
EITB MEDIA
Bizkaiko Fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du Aitor Santisteban Aldama Alonsotegiko alkate ohiarentzat (2007-2011 agintaldia), dirua bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea, zein prebarikazioa eta dirulaguntzetan iruzur egitea egotzita.
Santistebanekin batera, Alberto Zulueta arkitektoa ere epaituko dute, baita salatutako irregulartasunetan inplikatutako enpresaburuak eta aholkulariak ere: Roberto Fernandez, Javier Bediaga, Eduardo Ibarra eta Saul Fonseca. Gainera, beste inputatuetako bat, Juan Torrontegui, ikerketan zehar hil zen, eta, beraz, bertan behera gelditu da haren erantzukizun osoa.
Ministerio Publikoak frogatutzat eman du Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Gobernuaren dirulaguntzen bidez bi milioi euro baino gehiago kobratzeko lanak faltsutu zituztela.
Fiskaltzaren arabera, bost ikertuek lau proiektu aurkeztu zituzten funts publikoak lortzeko obrak egiteko. Milioi bat eurotik gora lortu zuten horrela, baina lanak ziren egin. Antza, Zulueta arkitektura-estudioak eta hainbat sustatzailek eskuratu zuten diru hori.