Politika -

Eusko Jaurlaritza

Nerea Melgosa izango da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Artolazabalen ordez

Aurrerantzean zuzenduko duen Saileko aholkulari izan da Melgosa azken bi urteotan. 53 urteko gasteiztarra, Arabako Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Gasteizko Udaleko zinegotzia izan da 12 urtez.

Nerea Melgosa. Argazkia: EAJ
Nerea Melgosa.
Nerea Melgosa. Argazkia: EAJ

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerea Melgosa Vega izango da Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu berria, Beatriz Artolazabalen ordez. Jakina denez, Artolazabalek kargua utzi du EAJren Gasteizko Alkatetzarako hautagaitza prestatzeko. 

Jaurlaritzak gaur eman du Melgosaren izendapenaren eta Artolazabalen kargu-uztearen berri. Melgosak bihar, asteartearekin, hartuko du kargua Ajuria Enean, eta, ondoren, gobernu bileran hartuko du parte. 

Gasteizen jaioa 1970ean, Melgosak ondo ezagutzen du zuzenduko duen Saila. Izan ere, azken bi urteotan aholkulari gisa jardun du. Aurrez, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari izan zen (2019-2020), eta 12 urtez (2007-2019), Gasteizko Udaleko zinegotzi. 

90eko hamarkadatik EAJko afiliatu eta egun Euzkadi Buru Batzarreko kide (gizarte gaien ardura du), euskal hiztuna da Melgosa (Gasteizko Olabide ikastolan ikasi zuen). Deustuko Unibertsitatean Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da, eta giza baliabideen inguruko masterra egin zuen EADA Negozio Eskolan.

Erreakzioak

Iragarpenaren ondotik, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gogorarazi du bere udal gobernuko kide izan zela Melgosa lau urtez (2015-2019).

"Udal gobernuaren hastapenetan osatutako taldearen zati garrantzitsua izan zen. Beti proposamenak egiten. Oso langilea. Bere ekintzen helburu ditu elkarbizitza eta zaurgarrienen aldeko lana", idatzi du Twitterren duen kontuan. 

Ildo beretik, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak gogora ekarri du sailburu berria Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari izan zela, eta "lan bikaina" egin zuela. 

"Bere balio pertsonalek, lanerako gaitasunak eta dedikazioak bermatzen dute kontseilari aparta izango dela", idatzi du Gonzaleze sare sozialetan.

Azkenik, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak —Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren menpe dago— argazkia partekatu du Twitterren, ondoan Artolazabal eta Melgosa bera dituela: 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gaurko titularrak Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea