Politika -

Auzitegi Gorenaren Sententzia

Gorenak zigortu egin ditu Junqueras, Turull eta Bassa, desobedientzia eta dirua bidegabe erabiltzea egotzita

Zigor Kodearen erreformaren ostean, 'proces'aren ebazpena berrikusi du Gorenak. Besteak beste, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik Junquerasi ezarritako zigorra —13 urteko inhabilitazioa— murriztea atzera bota du. Ondorioz, 2031ra arte inhabilitatuta jarraituko du ERCko buruzagiak.

Buruzagi independentistak, epaiketan. Argazkia: EFE
Buruzagi independentistak, epaiketan
Buruzagi independentistak, epaiketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak zigortu egin ditu Oriol Junqueras, Raül Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa buruzagi independentistak, desobedientzia eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.

Sedizio-delitua Zigor Kodetik kendu ondoren, 2019an kaleratutako Kataluniako prozesu independentistaren epaia berrikusi du Gorenak, eta gaur eman du ezagutzera erabakia. Besteak beste, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik aipatutako lau buruzagi horiei ezarritako inhabilitazioa bere horretan mantentzea erabaki du. Hala, Junquerasek eta Bassak 2031ra arte ezingo dute kargu publiko batera aurkeztu, eta Turullek eta Romevak, 2030era arte.

Bestalde, Jordi Sanchez eta Jord Cuixart, ANC eta Omnium Cultural elkarteetako presidente ohiak, hurrenez hurren, desordena publikoengatik zigortu ditu, eta Josep Rull, Carme Forcadell eta Joaquim Forn, desobedientziagatik. Bost horien kasuan, inhabilitazioagatik ezarritako zigorrak bertan behera geratu dira, Zigor Kodearen erreformaren ondorioz.

Manuel Marchena (presidentea), Andres Martinez Arrieta, Juan Ramon Berdugo, Antonio del Moral, Andres Palomo eta Ana Ferrer magistratuek osatu dute epaimahaia. Ohartarazpen bat egin dute autoan: Zigor Kodearen erreformak "lege hutsune" nabarmena utzi duela esan dute, indarkeriarik erabili gabe burutzen diren prozesu sezesionistak "zigorgabe" geratzen direlako. "Konstituzioarekiko leialtasunik eza eta elkarbizitzaren oinarriak gutxiestea ezingo dira zigortu, indarkeriarik erabili ez den kasuetan", azaldu dute.

"Europan ikusiko gara"

ERCk eta Juntsek Gorenaren epaia salatu dute, eta Europako Justiziara joko dutela iragarri
ERCk eta Juntsek Gorenaren epaia salatu dute, eta Europako Justiziara joko dutela iragarri
ERCk eta Juntsek Gorenaren epaia salatu dute, eta Europako Justiziara joko dutela iragarri

0:36

Epaiaren berri izan eta berehala, Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak esan du Europara joko duela babes bila, eta hango auzitegietara eramango duela gaia. "Europan ikusiko gara. Errekurtsoak aurkeztuko ditugu Europan, han baitago benetako justizia. Espainiako kupula judizialean mendekua besterik ez dago", esan du hedabideen aurrean egin duen agerraldian.

"Gorenak zigortu eta inhabilitatu nazake, baina argi dago independentziaren aldeko nire konpromisoa ezin duela inhabilitatu. Ez dut behar kargu publikorik independentziaren alde lan egiteko", gehitu du.

Gaur arratsaldean bere abokatu taldearekin bilduko dela jakinarazi du Turullek, eta aurrera begira eman beharreko urratsak zehaztuko dituztela.

Ildo beretik mintzatu da Marta Vilalta ERCko idazkari nagusiaren ondokoa eta bozeramailea. Horren hitzetan, Espainiako Justiziaren "arbitrariotasuna" agerian geratu da, beste behin. Zigor Kodearen erreforma aintzat ez hartzea leporatu dio Gorenari. "Honek nazioarteko auzitegietan egingo dugun bidean lagunduko digu", iragarri du buruzagi errepublikazaleak prentsaurrekoan.

Espainiako Gobernuak eta Generalitateak adostutako Zigor Kodearen erreforma "ondo eginda" zegoela nabarmendu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua Ustelkeria politikoa azken albisteak Eguneko albisteak Albisteak ERC Junts per Catalunya gaur