Politika -

Eusko Jaurlaritza

"Arduraz eta harro" hartu du Nerea Melgosak "pertsonetan pentsatzen duen" Sailaren ardura

Nerea Melgosak goizean hartu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren ardura, Ajuria Enean egindako ekitaldian, eta bere lehen gobernu-bileran parte hartu du.

Nerea Melgosak hartu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu postua
Nerea Melgosak hartu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu postua
Nerea Melgosa: ''Erronka zaila eta konplexua dut aurrean, baina ilusionagarria eta aberasgarria''

0:37

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerea Melgosa Vegak "arduraz eta harro" hartu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren ardura, bere hitzetan "pertsonetan pentsatzen duen" sailarena.

Ondoren, bere lehen gobernu-bileraren ostean, sailburu berriak hurrengo urte eta erdian izango dituen erronkak eta ardurak nabarmendu ditu kazetarien aurrean: memoria, biktimak, genero politikak, dibertsitatea, migrazioa, Justizia berritzea, gizarte-neurriak eta kartzela-politika. Arlo horietan egiten direnak "pertsonekin zerikusia duten politikak" direla esan du, eta adierazi du "arduraz baina harro, apaltasunez eta errespetu osoz" ekingo diola sail hau zuzentzeari. 

Halabaina, ez dela hutsetik hasiko jakinarazi du. Sailean aritzen den lantaldea ongi ezagutzen du, eta honek hasitako bidean jarraitzeko asmoa azaldu du. Zentzu horretan, eskerrak eman dizkie bai Beatriz Artozabali, orain arteko sailburuari, bai Saileko lantaldeari, gaur arte egindako lanagatik.

Etorkizun hurbilari begira, hainbat erronka aipatu ditu Nerea Melgosak: memoria historikoaren legea, garapen lankidetzarako legea, haurtzaroaren legea eta gurtza-lekuen legeak Legebiltzarrean onartzea. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa eta gizarte-erakundeen kontzertazioaren dekretua bultzatuko dituela ere aipatu du. Horrekin lotuta, "zailtasunak dituzten pertsonekin eta familiekin eta nagusien edota ezintasunen bat daukatenen zaintzarekin" erabateko konpromisoa daukala adierazi du.

Berdintasunaren alorrean, Berdintasunerako Lege berria ezartzea izango duela zeregin nagusi baieztatu du. Horrekin batera, Emakunderen lana eta berdintasun politikak belaunaldi gazteenei gerturatu nahi dizkie. Baina bere helburu nagusia biktima izan diren emakumeak artatzeko zerbitzuak hobetzea dela jakinarazi du.

Kazetarien aurrean egindako aurkezpenean, biktima guztiak kontuan hartu nahi izan ditu. Erail dituzten edota tratu txarrak jaso dituzten emakume guztiek "justizia izango dute", sailburuaren hitzetan. Horrez gainera, martxoaren 3ko memoriala lantzen eta hobietan biktimak bilatzen jarraituko dutela azpimarratu du. Terrorismoaren biktimei entzun eta laguntzeko prest agertu da, eta "bestelako indarkeriek, Poliziak edo Estatuek, eragindako biktimak" onartzen jarraituko dutela jakinarazi du.

Azkenik, demografia erronkak, kartzela politikak, Justiziaren digitalizazioa eta migratzaileak artatzea ere erronka gisa aipatu ditu.

Nerea Melgosa parte hartu duen lehen gobernu-bileran. Irudia: EITB Media.

Gaur goizean egin dute Ajuria Enea jauregian Nerea Melgosaren kargu-hartze ekitaldia, Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Legebiltzarreko Mahaiko kideak bertan zirela. Horrela, Beatriz Artolazabalen lekua bete du Jaurlaritzan. Jakina denez, Artolazabalek kargua utzi du EAJren Gasteizko Alkatetzarako hautagaitza prestatzeko. Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkio Artolazabali, "Euskadiren zerbitzuan" Berdintasuna bultzatzen, Justizia modernizatzen eta humanizatzen eta gizarte politikak egonkortzen egindako lanagatik. Melgosari, berriz, erronka onartu izana eskertu dio.

Gasteizen jaioa 1970ean, Nerea Melgosak ondo ezagutzen du aurrerantzean zuzenduko duen sail hori. Izan ere, azken bi urteotan aholkulari gisa jardun du bertan. Aurrez, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari izan zen (2019-2020), eta 12 urtez (2007-2019), Gasteizko Udaleko zinegotzi. 

EAJko afiliatua da 90eko hamarkadatik, eta Euzkadi Buru Batzarreko kide izan da azken urteetan (gizarte gaien ardura izan du). Euskal hiztuna da Melgosa (Gasteizko Olabide ikastolan ikasi zuen). Deustuko Unibertsitatean Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da, eta giza baliabideen inguruko masterra egin zuen EADA Negozio Eskolan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gizarte zerbitzuak berriak Gaurko titularrak Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea