Politika -
Nafarroa
Iruñeak panteoi berri bat izango du gerraren eta frankismoaren biktimentzat
Hitzarmen berri batek hiru egoera jasoko ditu: gorpuzkiak identifikatzea ezinezkoa izatea, senideei eman ezin izana eta familiek beraiek eskatzea.
Agentziak | EITB Media
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak panteoi berri bat eraikiko dute San Jose hilerrian, 1936ko Gerra Zibilaren eta frankismoaren Foru Erkidegoko biktimentzat.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak lankidetza hitzarmena sinatu dute xede horrekin, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izan ziren nafar herritarren aitortza eta ordain moralari buruzko Foru Legea betetzeko.
Hitzarmenak ezartzen duenez, Udalak Gobernuarengandik jasoko du egin diren edo etorkizunean egingo diren desobiratzeei buruzko informazio guztia, eta gorpuzkiak lurperatu egingo ditu.
Bi erakundeek aldian-aldian berreskuratutako gorputzak ehorzteko ekitaldi bat antolatuko dute, indarkeriaren biktimei duintasuna emateko eta gertatutakoaren memoria gizarteari helarazteko, baita bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen errespetuaren balioak ere.
Gorpuzkiak Nafarroako hobietatik berreskuratuko dira, eta hiru egoera aurreikusten dituzte: identifikatzea ezinezkoa izatea; identifikatu arren, haien senideei entregatu ezin izana; eta fusilatuta eta identifikatuta dauden Iruñeko biztanleen familiek hala eskatzea.