Politika -
Krisia Nafarroako Gobernuan
Barcinak uko egin dio konfiantza-galdea egiteari
Foru Gobernuko presidentea gutxiengoan geratu da PSNk Gobernua utzi zuenetik eta "agintzeko gai ez naizela pentsatzen badute"zentsura mozioa aurkezteko deia egin dio oposizioari.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak uko egin dio konfiantza-galdea egiteari, nahiz eta Parlamentuaren gehiengoak eskatu.
Erantzun horixe eman dio NaBaik Parlamentuan egindako galderari. Oposizioak adostutako mozio bat eztabaidatuko dute gaur, eta mozio horretan konfiantza-galdea egiteko eskatzen diote Barcinari.
Foru Gobernuko presidentea gutxiengoan geratu da PSNk Gobernua utzi zuenetik, baina konfiantza-galdea egitea bere eskumena da eta "Parlamentu honen botoekin, demokratikoki" aukeratu zutela gogorarazi du.
Barcinak zentsura mozioa aurkezteko deia egin dio oposizioari, "benetan agintzeko gai ez naizela pentsatzen badute".
Nafarroako eta Espainiako arazo ekonomikoak direla eta, hala ere, ez dela "hauteskundeak deitzeko garai egokia" uste du Barcinak.
Konfiantza-galdeari buruzko mozioa aurreko astean onartu zuen Parlamentuko Mahaiak NaBairen, Bilduren, I-Eren eta PSNren babesarekin; UPNk eta PPNk, ordea, kontra bozkatu zuten.