Politika -
Hezkuntza Legea
Konstituzionalak Voxen helegitea atzera bota eta LOMLOE babestu du
Auzitegiak beste txosten bat egitea erabaki du, gehiengoaren irizpidearen arabera, Voxen helegitea bere osotasunean atzera botatzeko, eta, beraz, doktrina hori bera PPren errekurtsoari aplikatuko zaio.
Agentziak | EITB Media
Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkurak erabat babestu du LOMLOE, Celaa Legea izenez ezagutzen den hezkuntza legea. Lege horren arabera, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeekin ezin izango da itunik egin.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Auzitegiak beste txosten bat egitea erabaki du, gehiengoaren irizpidearen arabera, Voxen helegitea bere osotasunean atzera botatzeko, eta, beraz, doktrina hori bera PPren errekurtsoari aplikatuko zaio.
Ponentzia berria datozen asteetan eramango du osoko bilkurara, txostengile berak, Ricardo Enriquez magistratu kontserbadoreak, seitik lauk hasierako zirriborroa atzera bota ondoren. Zirriborroa arauaren aldekoa zen, nahiz eta arauaren bi alderdi Konstituzioaren kontrakotzat jotzea planteatu.
Kontrako bi arrazoiak ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe pribatuei laguntza publikoak ukatzearekin lotzen zituen, eta, gainera, zalantzan jartzen zuen legeak soilik behartzen duela administrazioa beharrizan bereziak dituzten ikasleen familien borondatea kontuan hartzera, horiek ikastetxe arruntetan hezi nahi dituztenean.
Enrique Arnaldo kontserbadorearen abortuari buruzko txostenarekin gertatu zen bezala, araua bi objekziorekin babestu baitzuen, Enriquezen argudio horiek ere ez ditu gehiengo aurrerakoiak onartu, nahiz eta aurrenekoak ez bezala, bigarrenak bere gain hartuko duen legea osorik babestuko duen epai berri bat idaztea.