Politika -

Polemika Donostian

Presoei buruzko dokumentalaren egileek uko egin diote diru-laguntzari

Barne Ministerioak ohartarazi zuen Bildu legez kanporatzea eska lezakeela presoei buruzko dokumental bat finantzatzeagatik.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea. EFE
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea. EFE
'Zinez' ekoiztetxeak uko egin dio Donostiak onartutako diru-laguntzari

00:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko bi presoren eta Segi, Egunkaria eta Egin auzietako beste hiruren "giza historioa" azaltzen duen Barrura begiratzeko leihoak dokumentalaren ekoiztetxeak uko egin dio Donostiako Udalak onartutako 9.000 euroko diru-laguntzari.

Haizea Belza Zinez ekoiztetxeko ordezkariak eta Luix Barinagarrementeria abokatuak egin dute iragarpena, Gipuzkoako hiriburuan eskainitako prentsaurreko batean.

Agerraldian, ordezkariek "sormen askatasuna urratzea" egotzi diote Barne Ministerioari. Izan ere, finantziazioarekin aurrera jarraituz gero, Bildu legez kanporatzea eska lezakeela ohartarazi zuen.

Ekoiztetxeak hainbat erakunderi eskatu zizkien diru-laguntzak, tartean Gipuzkoako Aldundiari, baina azkenean uko egingo die laguntza publiko guztiei, eta, horren ordez, herritarrei eskatu die.

Egileek azaldu dutenez, dokumentalak aipatu bost presoen egoera azaltzen du, "giza ikuspegi batetik", baina "heroiak balira tratatu gabe".

Donostiako Udalak eskertu egin du erabakia

Donostiako Udal Gobernuak eskertu egin dio Zinez Elkartea ekoiztetxeari diru-laguntzari uko egin izana.

Agiri batean, Axier Jaka Giza Eskubide zinegotziak azaldu du dokumentalak "errealitate ezkutu bat" erakutsi nahi duela, "modu ireki batean".

Halaber, txalotu egin du egileek "diru kopuru inportante bati" uko egin izana. "Aurrekontuaren zati txikia bazen ere, erabakia ez zen erraza izango", iritzi dio.

Jakak kritikatu egin du diru-laguntza "aitzakia" izan dela Bilduri eta adierazpen asktasunari "erasotzeko". "Horrela, ekonomia kudeatzeko eta krisitik ateratzeko gai ez direla ezkutatu nahi dute", salatu du.

Fiskaltzak ez du ikerketa abiatu

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak ukatu egin du bere Departamenduak ikerketa hasi izana diru-laguntzari buruz.

Nolanahi ere, Torres-Dulcek gaineratu du fiskalak "egunez egun" ari direla ustezko delituen inguruan Poliziak helarazten dien txostenak aztertzen.

"Uneoro jasotzen ari gara, eta balizko zantzuak ikertuko ditugu", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea