Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Andueza: "Hizkuntza eskubideak bermatu behar dira, baina leku batzuetan malgutasuna erabili behar dugu"

PSE-EEko idazkari nagusiaren iritzian, mapa soziolinguistikoari erreparatu behar zaio: "Hausnartu egin behar da, egokitzeko momentuan gaude". EITB Focusi dagokionez, "inkestak inkesta" direla nabarmendu eta Gasteizko hurrengo alkatea sozialista izatea "oso posible" ikusten duela gaineratu du.

Andueza, elkarrizketaren une batean. EITB Media
Andueza, elkarrizketaren une batean.
Andueza, elkarrizketaren une batean. EITB Media

play icon 20:38

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak hizkuntza eskubideak bermatzearen alde egin du, baina "leku batzuetan malgutasun apur batekin" jokatu behar dela erantsi du, mapa soziolinguistikoari erreparatuta. "Hausnartu egin behar da, egokitzeko momentuan gaude", nabarmendu du. 

Euskararen inguruan gaur bertan ezagutu den epai bati buruz galdetu diote Anduezari Euskadi Irratiko "Faktoria saioan", eta horren harira egin ditu adierazpenok. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, Hezkuntza Sailak Bizkaiko eskola garraioari lotutako kontratazio batean jarritako hizkuntza eskakizunak "inposizio" bat dira. 

EAEko sozialisten buruaren iritzian, "(hizkuntza) eskubideak bermatu behar dira, baina mapa soziolinguistikoari begiratzen badiogu, akaso leku batzuetan eskatzen diren hizkuntza eskakizunak ez dira mapa horren harira joaten. Hausnartu egin behar da, egokitzeko momentuan gaude". 

EITB Focus boto asmoari buruzko inkestak PSE-EEri batzar nagusietan eta hainbat udaletan iragarritako beherakadari buruz, Anduezak esan du galdeketa horren emaitzak ez daudela "errealitatetik oso gertu"; "inkestak inkesta dira", gaineratu du. Gasteizko Udalaren kasua aipatuta, Maider Etxeberria sozialista alkate izendatzea "oso posible" ikusten du Anduezak: "ilusio handia dugu", aitortu du. 

Hauteskunde ondoko balizko itunei dagokienez, ez du ziurtzat jo EAJrekin ituna egitea. "Auskalo", errepikatu du hainbat bider. Are gehiago, jeltzaleen eta EH Bilduren arteko akordioa ere ez du baztertu: "Askotan ikusi dugu euren gauzetan ados jartzen direla. Adibidez, bihar Legebiltzarrean eztabaidatuko den erabakitzeko eskubidearen inguruko testu batean ados jarri dira. Auskalo, ez dakigu zein norabide hartuko duten. Igual eurei galdetu beharko diezue". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika PSE-EE Bizkaia Gaurko titularrak Albisteak EiTB Focus Euskadi Irratia Hauteskunde inkestak Eneko Andueza EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak